Zinemaldiko distiraz

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2013ko ira. 20a, 13:01

Donostiako zinemaldiaren 61.edizioa hasiko da gaur, egubakoitza. Bederatzi egunetan, 219 pelikula erakutsiko dituzte aurten eta tartean izango dira debagoiendarren lanak ere: Gabilondoren 'Amaren eskuak' luzea eta Altunaren 'Zela trovke' laburra ikusgai. Goienak bertatik bertara jarraituko du aurtengo edizioa Imanol Gallegoren eskutik.

Bederatzi egunetan, 219 pelikula erakutsiko dituzte aurten. Askotariko sailak daude: ezagunena, nazioarteko zein estatuko filmak lehiatzen diren sail ofiziala. Ofizialaz gainera, Zabaltegi saila izan da beti aipagarriena. Horiez gainera, Jose Luis Rebordinosek orain 2 urte zinemaldiaren zuzendaritza hartu zuenetik, ordura arte Zabaltegiren baitan zeuden Perlak, eta Zuzendari Berriak sailek ere ospe handia lortu dute, horietan beste zinemaldietan saritutako filmez gain, urteko abangoardiako pelikulak batzen dituzte.

Ezin aipatu barik utzi, Zinemira saila, euskal ekoizpenei lekua egiten dietena. Aurtengo lehiaketak gainera, Asier Altuna Kixi epai-mahai buru izango du, eta Mireia Gabilondoren (hau ere bergararra) Amaren eskuak dago lehiakideen artean. Lehiaketaz kanpo bada ere, sail berean erakutsiko dute Altunaren Zela trovke film laburra.

Askotarikoak, era berean, zineaz gozatzeko dauden aretoak: sail ofizialekoak bereziki Kursaalen erakusten dituzte eta baita Antiguo Berri edo Principe aretoetan ere. 

Debagoiendar askoren agendatan izango dira Zinemaldiko egunak gorriz markatuta. Batzuk lanera joango dira, besteak beste, aurrez aipatutako Asier Altuna eta Mireia Gabilondo bergararrak.

'Amaren eskuak'

Gabilondok, Karmele Jaiok idatzitako  Amaren eskuak (Elkar 2006) liburuan oinarritutako izen bereko filma aurkeztuko du Zabaltegi sailean irailaren 24an, martitzena.

'Amaren eskuak' filma.

Ama eta alaba baten arteko harremanaren kontakizuna da: 38 urte dituen Nerea protagonista bizitza familiarra eta profesionala uztartu gura dituen kazetari eta ama bat da. Egun batetik bestera, Nereak bere bizitzan duen desoreka handitu egingo da bere ama, Luisa, memoria galtzen hasita ospitalera eramango duten egunean. Errua, maitasuna, ezberdintasunak, eta guztiaren gainetik, bi emakume hauen arteko parekotasunak azaleratuko dituzte Mireia Gabilondoren zuzendaritzapean, besteak beste, Ainara Gurrutxagak, Loli Astorekak, Esther Remirok eta Mark Schardan aktoreek.

Aipatutako filma, beste sei film luzerekin batera, euskal zinemaren Irizar Saria eskuratzeko lehiatuko da, eta saridunak 20.000 euro gordin irabaziko ditu. Hain justu, epaimahaia Anari Alberdi abeslariak, Itziar Nogeras kultur kudeatzaileak eta Asier Altuna Kixi zuzendari bergararrak osatuko dute.

'Zela trovke'

Altunarentzako laugarren zinemaldia da aurtengoa; aurrez birritan izan da, zuzendari moduan (Bertsolari eta Aupa Etxebeste!); eta Urteberri on, Amona! filmaren gidoigile moduan beste behin. Oraingoan ere, epaimahaikide lanez gainera, badu Kixik zer erakutsi: uztailean, Holandan –grabatu zuen toki berean– aurkeztu zuen Zela trovke (Belarra mozten) film laburra eramango du-eta Zabaltegi sailaren itxierara, irailaren 28an. Horrez gainera, beste bost alditan ere ikusi ahal izango dugu, Mujer Conejo film luzearen proiekzio guztien aurretik, hain zuzen ere. Moritat bati buruzko dokumentala da, hau da, krimen baten istorioa kontatzen duen abesti eslovakiar zahar batean oinarritutakoa.

'Zela trovke' film laburreko fotograma bat.

Euskal film laburrak saltzen

Debagoeneko zinemagile eta zaleez gainera, Esther Cabero aretxabaletarra ere Donostian izango da egunotan; Caberok ere, Zinemaldia izango du lantoki. Eusko Jaurlaritzak eta Etxepare Institutuak kudeatzen duen Kimuak programan egiten du lan, hau da, Euskal Herrian ekoitzitako film laburren katalogoaren koordinatzailea da. Asier Altunaren Zela trovke dago, besteak beste, katalogo horren barruan. Caberoren esanetan, aurtengo Kimuak bildumako lan aipagarrienetakoa da: "Emakumearen indarraren gainean jardun du oraingoan Altunak, lan oso bisuala eta indartsua egin du", dio Caberok. Bulegoko lanaz gainera, Caberoren egunotako egin-behar nagusia industriako profesionalei euskal film laburrak saltzea izango da, Donostian gainera, aurrerago izango diren beste zinemaldietan ere erakusteko helburuarekin.

Esther Cabero aretxabaletarra.

Hirugarren urtez jardungo du lan honetan Caberok, hamargarren zinemaldia badu ere; aurrez, Zinemaldiko produkzio sailean zazpi urtetan jardun zuen. Zinemaldian lanean hastea kasualitatea izan zela dio, Donostian Komunikazio ikasketak egiten ari zela, zinemaldian praktikak egitea egokitu zitzaionean hasi zen haren zinemaldiko ibilbidea. Aurtengoari itxura ona hartzen diola gaineratu du, besteak beste, beste urte batzuetan ez moduan, animaziozko pelikula asko daudelako.

Sarrerak on-line salgai

Hainbat film ikusteko sarrerak agortuta daudela zabaldu bada ere eskuragarri daude oraindik, emanaldi bakoitzeko sarreren %10 erakutsiko duten egun bakoitzerako gordetzen dute-eta.

Kutxabank.es edo sansebastianfestival.com webguneen bitartez eskuratu daitezke, 08:00etatik aurrera. Kreditu txartel bakoitzarekin lau sarrera eros daitezk, gehienez.

Zinemaldia Goienan

Jarraipen berezia egingo diegu Mireia Gabilondo eta Asier Altunaren lanen aurkezpenei eta, orokorrean, zinemaldian aipagarria den guztia ere kontatuko dugu.

Goiena telebistan, egunero ordubeteko saioa izango duzue; goiena.net atarian, berriz, albisteez gainera, blogak.goiena.net/zinemalditikgoienara helbidean aurkituko dituzue Imanol Gallegoren kronikak, argazki galeriak eta pelikulen gaineko bideo-kritikak; Goienaren paperekoan, ale guztietan egingo diogu tokia; eta zuzeneneko konexioak, berriz, Arrasate Irratian (FM 107.7). 

Imanol Gallego Alex de la Iglesiarekin. (Argazkia: Haritz Dendategi)

Imanol Gallego, zinemaldiko berriemailea

Hamargarrenez izango da aurten Imanol Gallego arrasatearra zinemaldian. Gaztetxoa zenean harrapatu zuen Gallego zinemaldiko distirak. Orduan telebistaren pantailan ikusten zuena, bertatik bertara kontatuko du aurten, Goienako hedabideetan.

Zein izango da zure lana?

Debagoiendarren begi, esku eta belarri izango naiz. Kalean eta aretoetan ikusten dudana kontatuko dizuet eta baita pelikulen gaineko iritziak eman ere.

Eguneko hitzorduez gainera, gauetako jaiak ere izaten dira; horiek ere agendan dituzu?

Ez da derrigorrezkoa joatea baina joango naiz batera edo bestera. Hala ere, eguneko bost pelikula ikusiko ditudala kontuan hartuta, sarritan sartu-irtenak egiten ditut jaietan, gonbidatu nauena agurtu eta gutxi gehiago.

Aurtengo eskaintzatik pelikularen bat gomendatzekotan?

Enemy (Denis Villeneuve), Like father like son (Hirokozu Koreeda), Gravity (Alfonso Cuarón) eta Caníbal (Manuel Martin Cuenca), besteak beste. Azkeneko hori espainiarra da eta laster zinematan estreinatuko dutenez, aukeran, beste hirurak ikusteko aprobetxatuko nuke.

Zer deritzozu Donostiako  sariez?

Carmen Maura gustuko dut, Espainiako zinearen enbaxadore handia dela esango nuke. Horren erakusle dira dituen lau lau Goya sariak eta, besteak beste, Cannesen eta Venezian jasotakoak. Film berriarekin dator, gainera: Las Brujas de Zugarramurdi (Alex de la Iglesia). Hugh Jackmanek (Australia, Lobezno) ere sari asko ditu; kalitate handiko aktorea eta oso polibalentea da, nire ustetan.

Zein beste izar izango dira?

Asko daude aipatzeko: Anette Bening, Oliver Stone, Diego Luna, Mario Casas... 

Gomendio batzuk, amaitzeko?

Areto bakoitzak bere xarma dauka, horregatik non erakusten duten ere kontuan izango nuke film bat aukeratzerako orduan, hainbat aretotan erakusten dute-eta pelikula bakoitza. Eta duda barik, triangelu interesgarria Maria Kristina hotela, Victoria Eugenia eta Kursaal artean dago, horra heltzen dira famatu guztiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak