"Kaixo maitiok", hemen da Marimaistra

Jon Berezibar 2013ko ira. 19a, 17:24

Gaur, eguena, egingo du lehen agerpena telebistan "euskaldun zabarron lagun eta laguntzaile" berriak. Bere berbak dira. 'Magazinea' eta gero, 20:40 bueltan, Marimaistra izango dugu Goiena Telebistan. Irailean jakin genuen haren berri lehen aldiz Youtube-en utzitako agur deigarriak atentzioa emanda. Harekin egoteko aukera izan dugu telebistako saioa 'aireratu' baino ordu batzuk lehenago eta aitortu digu "urduri" dagoela. Elkarrizketa osoa jarraian.

Marimaistraren bloga
• Mari Maistraren txioak: @Mari_maistra
• Marimaistrari galderak egiteko WhatsApp zenbakia: 668 88 91 92. Eta e-posta: galdetu@marimaistra.com

Bizitza pribatua oso ondo gordetzen du Marimaistrak. Kostata, baina bere etxean hartu gaitu, galdera gutxi batzuk egiteko. Mitxelena XVI.aren irudi erraldoi baten azpian eserita hartu gaitu, adeitsu.

Zur eta lur utzi gaitu zeure burua aurkezteko interneten jarri duzun bideoak. Nor zara zu, Marimaistra? Nondik irten zara?

Ai, laztana, gauza asko jakin nahi dituzu zuk. Labur esateko, euskaldun zabarron laguna naiz. Laguna eta laguntzailea. Badakit jende asko bizi dela euskaraz eta euskararekin arduratuta, eta sarritan ahalegin handia ere badela. Baina kariño guztiarekin bada ere, batzuetan ez dugu hizkuntza behar bezala zaintzen, eta sekulako triskantzak egiten dizkiogu. Horiek konpontzen laguntzera nator ni.


Laguntzera? Zer egin behar duzu ba?

Euskaldun zabar maitagarriok euskararekin dituzuen kezka, zalantza eta galdera guztiak jaso eta, pixkanaka-pixkanaka, guztiei erantzun. Eta, emakume modernoa naizenez, erantzun horiek gainera telebistaz eta Internet bidez ere emango ditut. Euskarazko Tokiko Hedabideetako webguneetan ikusi ahal izango nauzue, euskarazko tokiko telebistetan eta, noski, Internet bidez ere bai!

Orduan, 'kontsultorio' moduko bat izango duzu?

Hori da. Eta galderak bidaltzeko bideak ere moderno-modernoak dira: nire Twitter kontuaren bidez, e-postaz ('galdetu@marimaistra.com') eta Whatsapp bidez jasoko ditut galderak, 668 88 91 92 zenbakian. Bide horiek guztiak zabalik daude jadanik galderak edo kezkak jasotzeko.

Galdera mordoxka jasoko zenituen honezkero ezta? Gure etxean behintzat beti gabiltza duda-mudatan…

Bai, lan asko pilatu zait dagoeneko, baina hori ona da. Youtubeko promozio bideoa 1.500 lagunek ikusi dute eta buruan beti jira eta buelta izaten den zalantza horiek ateratzeko balio izan du: “futbolean jolastu egiten da edo jokatu? Eta musean?”. Etxe askotan dabiltza beti hizkuntzarekin duda-mudatan, eta seguru nago zuenean sortzen diren zalantzak bete askorentzat ere baliagarri izango direla. Horretan ere auzolana behar dugu!



Eta etxean egiten dituzu grabazioak-eta? Zerorrek dena?

Ezzzz. Hirukote bat dago atzean: Leire Narbaiza, Joxe Rojas eta Iban Arantzabal. Hiru horiei bazkaltzen ematea modukorik... Eta bazkaloste horietako batzuetan, animatu, eta joan izan dira Goienako platora. Hango jendearen laguntzaz da posible Ergatibo Sainduaren Argia zuen pantailetaraino heltzea. Narbaizak kamera-aurrekoetan laguntzen dit eta Rojasekin batera gidoiak ere egin behar izaten dira. Gero Pernan Goñi lagunak ere erretratu eder-ederrak egin dizkit... Den-Dena, hori bai, Mitxelenaren gerizpean.

Bueno ba eskerrik asko, Marimaistra, gurekin egoteagatik. Adi-adi egongo gara ea zer gomendio ematen diguzun.

Mila esker, amante! Edonola ere gogoratu: euskararik ederrena, egin egiten dena. Barandiaranen betaurrekoek argi diezazute bidea!!!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak