Deskargako autobideko lanetako istripua gaitzesteko elkarretaratzeak 12:00etan

Goiatz Arana Begiristain 2013ko ira. 19a, 10:38

Bi elkarretaratze deitu dituzte sindikatuek gaur, eguena, eguerdirako: euskal gehiengo sindikalak, alde batetik; eta CCOOk, bestetik. Ordezkari sindikalek babesa eta elkartasuna adierazi dizkiete hildakoaren senitarteko eta lagunei eta langilego osoari, eta lan baldintzak aldatzeko premia aldarrikatu dute.

25 dira dagoeneko aurten Hego Euskal Herrian lan istripuz hildako beharginak; sei, hilabete eskasean. Atzo, eguaztena, Antzuolan hildako azpikontratatutako langilea da azkena.

08:15ean gertatu zen istripua Deskargako autobidea egiteko lanetarako egokitutako pista batean, Altzeta baserrira bidean. Bertako lanetan zebilen kamioi bat pistatik atera eta 10 metroko altueratik behera erori zen. Ertzaintzatik azaldu zigutenez, gidaria harrapatuta geratu zen eta ezin izan zuten onik atera. 

Moyua eta Antzibar enpresek aldi baterako osatutako UTE Lapatza enpresak du Deskargako autobideko lanen adjudikazioa, eta enpresa horrek azpikontratatutako Aballa S.L enpresarentzat ziharduen lanean hildako beharginak.

Prekarietatea eta lan erritmo gogorrak daude istripuaren atzean, ELA sindikatuaren esanetan: "Duela astebete salaketa bat jarri genuen neurriz kanpoko lanaldiak egiten direlako. Langileek 11 edo 12 ordu egiten dituzte egunero. Aparteko orduak ez direla ordaintzen eta oso erritmo azkarrean lan egiteko langileak presionatzen direla ere salatu dugu", azaldu zuen istripu lekuan izan den ELAko Manu Tenak.

LAB sindikatuarentzat, hilabete eskasean lan istripuz sei behargin hil izanak errealitatearen alde gordinena erakusten du. "Subkontratazioa, aldizkakotasuna, enpresen eta obren kontrol eza eta herrialdeko hitzarmenen urraketa sistematikoak" jo ditu horren eragiletzat, eta horiek aldatu ezean lan istripuak eta bestelako osasun galerak bere horretan mantenduko direla gehitu du. 

Euskal gehiengo sindikala, istripu lekuan

Aldaketak mobilizazioan eta borrokan datza LABen esanetan eta, horregatik, elkarretaratzea deitu du ELArekin eta euskal gehiengo sindikala osatzen duten gainontzeko eragileekin batera: gaur izango da, 12:00etan, Antzuolatik Deskargara bidean, San Blas ermitako bidegurutzean, istripua izandako lekurako bidea hartzen den tokian.

CCOO, Bergarako plazan

Ordu berean beste kontzentrazio bat ere izango da, Bergarako plazan, CCOOk deituta. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak