Gipuzkoako Foru Aldundiaren adierazpena:
"Gaur goizean, Gipuzkoako Foru Aldundia GI-632 errepideko Antzuola-Bergara tartea eraikitzeko egiten ari den lanetan lan istripuan hil den J.I.A.R. 33 urteko langilearen heriotza dela-eta, Gipuzkoako Foru Aldundiak honako hau jakinarazi nahi du:
1. Lehenik eta behin, Gipuzkoako Foru Aldundiak bere samina adierazi nahi du, eta elkartasuna helarazi nahi die hildakoaren senitarteko, lagun zein lankideei.
2. Gipuzkoako Foru Aldundiak argi adierazi nahi du lan osasunari lehentasuna emango dion lan harreman eta prebentzio eredua bultzatu behar dugula, eta eredu horrek lan duina eta segurua izan behar duela ardatz. Horretarako, ezinbestekoa da gizarte eta ekonomia arloko eragile guztiek eta administrazio publikoek batera eta norabide berean jardutea.
3. Egiturazko arazo honi aurre egiteko, funtsezkoak dira prebentzioa, prestakuntza eta lan segurtasun eta osasunaren kontrako delituen jazarpena. Norabide horretan lan egin behar dute, hain zuzen ere, gizarte eta ekonomia arloko eragileek eta erakunde publikoek.
4. Horregatik guztiagatik, Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkaritza bat, Larraitz Ugarte Mugikortasun eta Bide Azpiegitura diputatua eta Joseba Altube Bide Azpiegituretako zuzendaria buru direla, berehala bertaratu dira istripua gertatu den lekura, eta horrelako kasuetarako protokolo guztiak martxan jartzea agindu dute. Istripua zergatik gertatu den argitzeko eta ardurarik balego hori zehazteko lanean ari da Aldundia, arloko beste erakunde eta eragileekin batera, eta epe motzean gertatutakoa argitzea espero du".