Familiakoekin eta jai giroan ospatu dute Ederlanekoek 50. urtemuga

Monika Belastegi Aranzabal 2013ko ira. 16a, 18:40

1.600 lagunek hartu zuten parte kooperatibak Arrasate, Aretxabaleta eta Eskoriatzan dituen lantegietan egindako ate irekien jardunaldietan. Senide eta lagunei lan non eta nola egiten zuten erakustea izan da ekimenaren helburua; baita, bisita gidatuen ostean egindako jaiarekin, urtemuga ospatzea ere.

"Etxeko ateak ireki dizkizuegu eta izandako erantzuna ikusita, eskerrik asko guztioi etortzeagatik. 1.600 lagun elkartu gara". Hitz horiek zuzendu zizkien Mikel Uribetxeberria Fagor Ederlaneko lehendakariak zapatu goizean Eskoriatzan, taldearen egoitza sozialean batutakoei.

50. urtemugako ospakizunen barruan, ate irekien jardunaldia egin zuen Ederlanek Debagoienean dituen lantegietan: Arrasateko Markulete eta Uribarriko lantegiek, Aretxabaletako eta Eskoriatzakoak eta Garaian dagoen Edertek berrikuntza guneak ateak parez pare zabaldu zizkien senideei eta lagunei lantokiak erakutsi eta urteurrena eurekin konpartitzeko asmoz, eta ekimena erabat arrakastatsua izan zen.

Senideekin partekatuz

Bisitak kooperatibako zenbait lan bazkideek gidatu zituzten eta 30-45 minutuan, prentsa handiak, fundizioa, egiten dituzten piezak, eta senideendako orain arte ezezagunak izan diren txoko guztiak erakutsi zizkieten. Hain zuzen, horixe izan zen jardunaldien helburu nagusia, erakustea: "Uste dut familiakoendako lagungarri izan dela ulertzea lantegiak barrutik ze itxura duen. Kanpotik pasatuta entzuten da zarata dagoela, kea... Baina barruan zer egiten den, nortzuk lan egiten duten ez da ezagutzen eta uste dut gaurko egunak lagundu duela apur bat hori argitzen, batez ere etxekoei. Hainbeste aldiz entzun gaituzte miseriak kontatzen...", azaldu zuen Mikel Uribetxeberria Fagor Ederlaneko lehendakariak.

Ospakizuna ere bai

Baina lantegietako ateak parez pare zabaltzeaz gain, 50. urtemuga senideekin alaitasunean ospatzeko eguna ere izan zen zapatukoa. Eskoriatzako egoitzan egin zuten ospakizun jaia: jatekoa eta edatekoa ez ziren falta izan, haurrendako puzgarriak eta bestelako jolasak ere izan ziren, ipuin kontalariak, protocall-a, karaokea eta musika. Elkartasunerako tartea ere egon zen, izan ere, bailarako Zu behar zaitut eta Aspanogi elkarteendako dirua ere batu zen.

Datorren astean gehiago

Datorren asteburuan jarraituko dute ospakizun ekitaldiek. Copreci lantegiko bazkideekin batera mendi ibilaldia egingo dute Kurtzebarri eta Alabita aldera, izan ere, Copreci, Ederlan bezala 50. urtemuga ospatzen ari da aurten eta irteera hori elkarrekin egitea pentsatu dute.

Aurrera begira ekitaldi gehiago egin nahi dituzte eta oraindik zehaztuta ez duten arren, abenduan ekitaldi instituzionala egingo dute urtemugako ekitaldiei amaiera eman eta etorkizunera begira jartzeko: "Gainerako kooperatibekin batera antolatu gura dugu zerbait", aurreratu zuen Uribetxeberriak, nahiz eta oraindik ez duten zehaztu zer egin. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak