Arrasate eta Oñatiko udalen iraunkortasun egitasmo bana lagunduko ditu Aldundiak

Monika Belastegi Aranzabal 2013ko ira. 14a, 10:53

Gipuzkoako Foru Aldundiak 610.850 euro bideratuko dizkie aurten udalei eta garapen agentziei Tokiko Agenda 21eko ekintza planetako ekimenak gara ditzaten, tartean bailarako bi. Arrasateren kasuan, Potxotxo errekara doazen ur zikinak kolektorera bideratzeko erabiliko da diru hori; Oñatin, argiteria publikoa berritzeko. Guztira 32 egitasmo lagunduk ditu Aldundiak.

Tokiko Agenda 21 administrazioaren jardunean iraunkortasunaren aldagaia txertatzeko eta politika publiko horiek ebaluatzeko metodologia bat da. Eta, metodologia hori erabilita, udalerriek ekintza planak egiten dituzte. Udalerrien tokiko ekintza planek ingurumenarekin lotutako arloak izan ohi dituzte ardatz: mugikortasuna, energia edo ur kontsumoa, naturaren babesa… Dena dela, iraunkortasun kontzeptua zentzurik zabalenean hartuta, herritarren bizi kalitatearekin, justizia sozialarekin eta ekonomia biziberritzerekin lotutako egitasmoek ere lekua izaten dute Tokiko Agenda 21en. Guztira, udalek eta garapen agentziek aurkeztutako 32 egitasmo lagunduko ditu diruz Foru Aldundiak.

Diru laguntza jasoko dutenen artean, mota guztietako ekimenak daude. Andoaingo Udalak zaraten mapa egingo du, adibidez; Arrasatekoak Potxotxo errekara doazen ur zikinak kolektorera bideratuko ditu; Donostiakoak eta Irungoak Tokiko Agenda ekintza planak berrituko dituzte; Hernanikoak anfibioak ugaltzeko urmael bat egingo du Epele bailaran; Ordiziakoak Oianguren parkearen balio naturalak leheneratuko ditu…

Energia eraginkotasuna nagusitu da

Hala ere, aurtengo diru laguntza deialdiko eskaeretan gai bat nagusitu da: energia eraginkortasuna. Arlo honetara bideratuko da, hain zuzen, diru gehien. Asteasuk udaletxeko isolamendu termikoa hobetzeko jasoko du dirua; Beasaingo eta Usurbilgo udalek, energia planak egiteko; Zarauzkoak, Oñatikoak eta Zumarragakoak, argiteria publikoa berritzeko; Elgoibarkoak, Altzola eta Sigma auzoetako argiteri publikoa ordezkatzeko; Hondarribikoak, Talaia Biteri ikastetxeko galdara sistemaren eta argiteriaren eraginkortasuna hobetzeko…   

Ainhoa Iraola Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako zuzendariak nabarmendu duenez, “esanguratsua da energiarekin lotutako zenbat eskaera jaso ditugun aurten diru laguntza deialdian. Nabari da interesa eta halako kezka dagoela gai honekin eta sentsibilizazioa ere areagotu dela jendartean; pozgarria da hori. Gipuzkoako Foru Aldundiak interes bera du, eta horregatik, eragile ez ezik, gidari ere izan nahi du geure lurraldean beste politika energetiko  mota bat egiteko eta sorkuntza eta kontsumo ohitura eraginkor eta arduratsuak zabaltzeko. Apustu horrek ekimen zehatz eta sakonak ekarriko ditu, eta datozen egunetan emango dugu xehetasun horien berri”.

Tokiko Agenda 21 potentzialitate handiko tresna dela gaineratu du Iraolak: “Alde batetik, administrazio publikoen ekintza planak garatu, haiek ebaluatu eta betetze mailak herritarrei aurkezteko aukera ematen duelako. Bestetik, iraunkortasuna modu integralean garatzea ahalbidetzen duelako; ingurumenean eta arlo sozial eta ekonomikoan iraunkortasuna txertatzea, alegia”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak