Gutxienez bost hilabeteko kontratuak izango dira, lan-saio osokoak eta udalari dagozkion lan edo zerbitzuak egiteko, eta kontratatutako lanpostu bakoitzeko hilero 1.500 euroko laguntza emango du Aldundiak; gehienez, 7.500 euro emango ditu.
Arrasateko Udalari bost kontraturako dirulaguntza egokitu zaio; Bergarakoari eta Oñatikoari, hiruna; Aretxabaletakoari eta Eskoriatzakoari, bina; eta Antzuolari, Elgetari eta Leintz Gatzagari, bana.
Kontratu horiek eskuratu ahal izango dituzte Euskal Enplegu Zerbitzuan langabe gisa izena emanda daudenak. Irizpide hauek hartuko dira kontuan: hautapen data aurreko 12 hilabeteen barruan langabezia prestazioa bukatu izana, prestaziorik ez jasotzea, Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren edo Laguntzaren onuraduna izatea, eskainitako lanpostuari dagozkion trebetasunak izatea, eta beste batzuk.
Laster zehaztuko dituzte
Udal gehienek eginda daukate dirulaguntzak jasotzeko eskaera, datozen asteotan kontratazio-deialdiak egin ahal izateko, izan ere, deialdian zehaztu egin behar da ze motatako lanerako izango den kontratua.
Udal batzuek oraindik ez dute erabaki ze lanerako egin deialdia; beste batzuek, bai. Edozelan ere, herri-lanak egiteko izango dira kontratu gehienak. Adibidez, Antzuolan brigadako lanerako egingo dute dei; Elgetan, herrian hainbat txukuntze-lan egiteko; eta Bergaran, Osintxun erreka inguruan pareta bat altxatzeko eta Elorregi auzoko soziedadean arrapala bat egiteko lan-kontratuak emango dituzte.