Eñaut Elorrietak bi kontzertu egingo ditu Debagoienean aste bukaeran

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2013ko ira. 13a, 18:00

Ken 7 taldearekin gurean hainbat alditan izan den arren, gogotsu dagoela aitortu du Eñaut Elorrietak Debagoieneko musika zaleen aurrean berriz ere kantatzeko. Oraingoan, maiatzean kaleratu zuen Deserriko kantak proiektu pertsonalarekin dator. Formatu ezberdineko bi emanaldi egingo ditu: Bergarako pilotalekuan gaur, egubakoitza (23:00), taldearekin jardungo du; eta gitarra lagun bakar duela kantatuko du, berriz, Eskoriatzako Aitzorrotz mendian bihar (14:00) egingo duten Gaztelu Jaiaren barruan.

Biharko emanaldirako sarrera doakoa bada ere, Bergarako pilotalekurako txartelak 15 eurotan izango dira leihatilan salgai eta  12 eurotan, ohiko tokietan aurrez erosiz gero. 

Bi kontzertu, bi formatu

Bergarako Udalak eta herriko tabernariek elkarlanean antolatutako emanaldia, San Martin jaien egitarauaren barruan dago. Deserriko Bandarekin igoko da taularen gainera, laukote moduan, Txus Aranburu (teklatua), Igor Telletxea (bateria eta xilofonoa) eta Ruben Caballero (gitarra akustikoa, gitarra elektrikoa eta mandolina) lagun dituela. "Oso argi nuen diskoa landuko nuen musikariekin egingo nituela zuzenekoak gero; teknikaria ere bera da, Haritz Harreguy" dio Eñaut Elorrietak. Kantuen zerrendaren gainean galdetuta, zuzenekoa Deserriko kantak diskoan oinarritzen duela dio, nahiz eta badiren beste batzuk ere errepertorioan: diskoan sartzerik izan ez zituen bi abesti eta Ken 7 taldearentzako konposatutako beste bi; horiek ere, deserri gaiarekin bat datozenak.

Bestelako asmoak ditu, berriz, zapaturako. Bakarrik eta formatu akustikoan joko du-eta Atxorrotzen. "Hasieratik harrapatu ninduen proposamenak, aretoetatik kanpo, mendian jotzeak, bakarka... magia berezia izango du, seguru. Ken 7ren diskoa grabatzen ari garenez, agenda konplikatua dudan arren, lortu nuen azkenean puzzlea egitea" dio Elorrietak. Kantu zerrenda ere ez da Bergarako bera izango: "Aukeratutako errepertorioa joko dut, bertan mugitzen den energia eta  sinbologian oinarritutakoa. Deserriko kantak disko kantu batzuk, Ken 7ren diskoetatik beste batzuk eta baita espresuki emanaldi horretarako egin ditudan beste batzuk ere", dio, ilusioz.

Askotariko musikazaleentzako

Gustura dago diskoak izan duen harrerarekin, besteak beste, agendari erreparatuz: "Hitzak kontzeptualak diren arren mota guztietako publikoarentzako egindakoa da. Burutik baino gehiago, gorputzarekin eta emozioekin ulertzen den diskoa da eta horrek zabaldu egiten du publikoa".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak