Kantari gatoz berriro ere

Amaia Txintxurreta Guridi 2013ko ira. 13a, 14:00

4, 3, 2, 1... aurrera! Badator Kantari Debagoieneko karaoke ikuskizunaren laugarren edizioa. Horrek esan nahi du bailarako gaztetxoak kantuan eta dantzan jarriko dituela Goiena telebistak, beste behin. Izena emateko epea astelehenean zabalduko da eta informazio guztia jasotzen duen bloga ere martxan da. Herririk herri grabatuko diren ikuskizunak ere segituan etorriko dira. Gainera, hainbat berritasun egongo dira aurten.

Kantarin parte hartu ahal izango dute 8 eta 12 urte bitarteko gaztetxoek; hau da, 2001. eta 2005. urte bitartean jaiotakoek. Eta partaideek hiru eta bost pertsona bitarteko taldeak osatu beharko dituzte ikuskizunean abesteko.

Eman izena hilaren 16tik 23ra

Izena emateko epea datorren astelehenean zabalduko da, hilaren 16an, eta astebete geroago itxiko da izena emateko epea; hau da, hilaren 23an.


Bailarako ikastetxe guztietan banatutako izena emateko orriak bete beharko dituzte parte hartu nahi duten gaztetxoek, eta orri horiek eskolako idazkaritzan edo Goienaren edozein egoitzatan entregatu beharko dituzte.

Euskal kantuak

Euskal kantuak abestu eta dantzatuko dituzte parte-hartzaileek; Vendetta, Esne Beltza eta Hesian taldeen abesti berrienak izango ditugu karaokean. Eta, nola ez, Kantarin hain ezagunak diren Iñaki, Sarri sarri eta Amets bat ere entzun ahal izango ditugu edizio berrian. Abestiak zozketa eginda banatuko zaizkie taldeei eta posta elektronikoz jakinaraziko zaie.

Abestiak ikastea, garrantzitsua

Artista gazteek Kantariko blogetik ikasi beharko dituzte kantuen letra eta koreografiak. Dantzen bideo guztiak eta letrak helbide honetan izango dituzte ikusgai: http://blogak.goiena.net/kantari. Bertatik ikasi beharko dute kantua. Bada, abestiak ondo ikastearen garrantzia azpimarratu du Amaia Txintxurreta Kantariko aurkezleak: "Oso garrantzitsua da letra eta koreografia ondo ikastea; izan ere, ikuskizunetara ondo ikasita etortzen badira, erosoago egongo dira agertokian eta gehiago disfrutatuko dute".

Informazio guztia, blogean

Kantariri buruzko informazio guztia uneoro kontsultatu ahal izango duzue blogean. Batetik, entseguei eta ikuskizunei buruzko informazioa jaso ahal izango duzue bertan. Bestetik, saioetako argazki eta bideoak ere blogean izango dituzue ikusgai. Eta gogoratu behar da kantuen letra eta dantza bideoak ere hortxe daudela eta gaztetxoek bertatik ikasi beharko dutela ikuskizunerako kantua.

Berritasunak

Berritasunak ere badaude aurten. Horietako bat da Kantariko ikuskizunaren aurretik, entsegu bat izango dutela gazteek. Hala ere, entsegu hori ez da izango bertan dantzak ikasteko: "Gazteek aurretik etxean ikasitakoa errepasatuko dugu entseguetan. Entseguetara gazteek dantza ikasita joan beharko dute. Helburua da gaztetxoek ikuskizuna egingo duten tokia ezagutzea".


Herririk herri egingo diren saioetan ere izango da berrikuntzarik: agertokian DJ bat egongo da. Grabazioetan eta grabazio tarteetan giroa alaituko da horrela, guztiek ondo pasatzeko.

Entseguak eta ikuskizunak

Saria: Port Aventurara bidaia

Kantarin parte hartzen duten gaztetxoen artean Port Aventurara bidaia zozketatuko da familia osoarentzako, eta zozketa horretan parte hartzeko beharrezkoa izango da Goiena Klubeko bazkide izatea. Bazkide ez direnak, 15 euroren truke egin ahal izango dira promozio berezian. Saioak grabatu ondoren egingo da Port Aventurako bidaiaren zozketa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak