Hastera doa futbol liga

Xabier Urtzelai 2013ko ira. 13a, 10:00

Asteburuan hasiko da futbol ikuskizuna, ohorezko erregionaleko liga. Eta, hainbat nobedaderekin etorriko da aurtengo txapelketa; nabarmenenak, Antzuolak kategorian egingo duen debuta, eta Mondrak utziko duen hutsunea. Hemen asteburuko partiduen ordutegiak. 

Ikusi egin beharko da antzuolarrak zelan moldatzen diren kategoria berrira, eta aurrean duten erronka politaren aurrean ze talde osatu duen Juanina Garaik. Ezinbestekoa izango da Estala futbol zelaia gotorleku bilakatzea, batez ere zelaiaren ezaugarriak kontutan hartuta. Sorpresa efektuak, baina, lehenengo itzulia baino ez du iraungo. Lehenengo partidua Anaitasunaren etxean egingo dute, bihar. 

Kategorian beteranoak

Gainontzeko hiru taldeak aspaldiko ezagunak dira. Alberto Albistegik beste pauso bat eman nahi du Aretxabaletarekin, eta hirugarren mailara igotzeko egingo dute borroka, halaxe aitortu digu, gainera. Detaile askoren batuketa behar da helburu hori lortzeko, baina behintzat, aurrealdeko postuetan egon nahi dute. Hala, Touringen zelaian hasiko dute aretxabaletarrek liga. 

Aloña Mendiko entrenatzaile Andoni Azkargortak ez du horren helburu zorrotzik jarri, baina adi aurtengo Aloña Mendirekin. Talde gaztea izatearen aitzakiak ez du balio, azken hiru urteetako lanaren emaitza da egungo blokea, eta aurten jokalari garrantzitsuak itzuli dira Oñatira. Entrenatzaile antzuolarra horren jakitun da, eta taldearen exigentzia mailak igo egin behar duela dio. Garrantzitsua izango da, hasieratik trena ez galtzeko, iaz izandako hasiera txarra ez errepikatzea, baina ez dute kontrario makala, Real Union etorriko da-eta domekan Azkoagainera.

Bergarak, azkenik, proiektu berria hasiko du, entrenatzaileari dagokionez bai, behintzat. Azken urteotan Neka Galanek lan txukuna egin du Agorrosinen, eta Aitor Arratek hartu du haren testigua. Taldeari dagokionez, baina, kategoriari eustekoa baino helburu zorrotzagoengatik amets egiteko moduko taldea du markinarrak. Agorrosinen jokatuko dute lehenengoa bihar, Vasconiaren kontra. 

Mondra datorren astean

Ohorezko erregional maila zeharka jarraituko du Mondrak, talde zuri-morearen borroka erregional preferentean egongo delako. Urzelairen taldeak itxura polita erakutsi du; horiek datorren asteburuan hasiko dute liga.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak