Kataluniarrek Diada eguna ospatuko dute gaur

Goiatz Arana Begiristain 2013ko ira. 11a, 11:12

Kataluniako Egun Nazionala (katalanez Diada Nacional de Catalunya edo laburtuta Diada) da gaur, irailak 11. Milaka lagun aterako dira kalera, giza kate erraldoi batekin, independentzia eskatzeko. ANC Assemblea Nacional Catalanak deitu du ekitaldia eta Katalunia iparraldetik hegoaldera zeharkatu asmo du.

Irailaren 11 festa nazional izendatu zuen Kataluniako Parlamentuak 1980an eta urtero ospatzen da gaurko egunez, 1714an Espainiako Oinordetzaren Gerra bitartean gertatutako Bartzelonaren erorketa gogoratuz. 

Iaz, gaurko egunez, manifestazio historikoa egin zuten Catalunya, nou estat d'Europa lelopean eta Kataluniaren independentzia aldarrikatuz. Aurten, baina, hautsak harrotu dituzte Artur Mas Generalitateko presidenteak galdeketaren eta Madrilgo Gobernuaren baimenaren harira egindako adierazpenek. Izan ere, haren baimenik gabe ez duela kontsultarik egingo esan du berriki, eta ERCk galdeketa 2014an egin behar dutela gogorarazi dio.

Atzo, baina, Diada egunaren bezperan, mezua kaleratu zuen Artur Mas Generalitateko presidenteak, Kataluniako irrati eta telebista publikoan. Bertan azpimarratu zuen bere konpromisoa orain urtebetekoa bezain "sendoa" dela eta datorren urtean bere etorkizunaren inguruan kontsulta egin behar zaiola Kataluniako herriari. Subiranotasunaren bidaia orritik ''milimetro bat bera ere'' ez aldentzeko konpromisoa hartu zuen. Bidaia orri hori, catalan way edo via catalana, katalanen izaera eta jarduteko modua oinarri hartuta beteko duela ere esan zuen; elkarrizketa, legezkotasuna, gehiengoa eta gizalegezkotasuna kontzeptuekin identifikatu du presidenteak katalanen izaera.

Giza katea 17:14ean

Testuinguru horretan, ANC Kataluniako Biltzar Nazionalak Katalunia iparraldetik hegoaldera gurutzatuko duen giza katea deitu du gaur arratsalderako, 17:14ean (1714an Espainiako Oinordetzaren Gerra bitartean gertatutako Bartzelonaren erorketa gogoratuz), Via Catalana per la independencia deiturikoa. 400 kilometroko katea osatuko dute eta 86 herri gurutzatuko ditu kate horrek. 

Deialdi horrekin bat egin du Gure Esku Dago ekimenak, eta aurreko egunetan Euskal Herrian hainbat elkartasun ekitaldi burutzeaz gain, autobusak antolatu dituzte Euskal Herritik Kataluniara, gaurko egunez bertan egon ahal izateko. Debagoienetik ere joan da jendea; bertan da, gutxienez, Oñatitik joandako talde bat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak