Irabaziak dituzten kooperatibek zerga gehiago ordaindu beharko dituzte

Leire Kortabarria 2013ko ira. 10a, 17:47

Kooperatibek zerga handiagoak ordaindu beharko dizkiote ogasunari, EAJk eta PSE-EEk adostu duten erreforma fiskala martxan jartzen denean. Hain zuzen, irabazien % 4 tributatzen dute gaur egun, eta % 9 tributatu beharko dute. Hori da EAJk eta PSE-EEk atzo aurkeztu zuten akordioaren asmoetako bat.

EAJ eta PSE-EEk egin duten akordioak kooperatibei zergak igotzea aurreikusten du, izan ere, gaur egun, batez beste, kooperatibek irabazien % 4 ematen diote Ogasunari, nahiz eta arauek % 20ko tipoa markatzen duten kooperatibendako (tipo nominala). Arrazoia da kooperatibek badituzela zenbait abantaila fiskal edo dedukzio eta bonifikazio aukera.

Hala ere, orain, Eusko Jaurlaritzaren, diputazioen zein udalen diru-kutxetara fondo gehiago bideratzeko beharra dago, eta hortik dator akordio horretan adostu dituzten erreformak. Beste neurri batzuen artean, Sozietate Zerga erreformatuko dute, PSE-EEk hala eskatuta. Hain zuzen, irabaziak dituzten enpresei zergak igoko dizkiete, haien gutxieneko derrigorrezko tipoa handituz: kooperatibei, % 9ko tipoa ezarriko diete; enpresa txiki eta ertainei, % 11; eta enpresa handiei, % 13. Gaur egun, enpresa edo kooperatiba guztiek mota bakoitzarendako ezarritako gutxienekoaren azpitik ematen diote ogasunari: enpresa handien tipo nominala % 28 da, eta enpresa txiki eta ertainena, % 24.

Betiere, zerga-erreforma hori irabaziak dituzten enpresa eta kooperatibei aplikatuko diete.

Enpleguaren truke, zerga gutxiago

Enplegua bultzatzeko, baina, enpresek abantaila edo deskontu fiskalak lor ditzakete, Adegik iaz proposatu zuenari jaramon eginez. Esaterako, mugagabeko lanpostuak sortu edo edukitzen dituzten enpresek gutxieneko derrigorrezko tipoaren bi puntuko deskontua izango lukete: beraz, enpresa handiek irabazien % 11 tributatuko lukete; enpresa txiki eta ertainek, % 9; eta kooperatibek, % 7.

Akordioaren zutabe nagusia erreforma fiskala da. Hura progresiboki egin nahi dute, eta hiru urtean 1.500 milioi batu nahi dira, zergen bidez. Horietatik % 70 Eusko Jaurlaritzaren diru-kutxarako izango dira; gainerakoa hiru aldundien eta udalen artean banatuko da. Diru horren guztiaren erdia enplegua sortzeko erabili nahi dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak