66,8 milioiko galerak izan dituzte Fagor Etxetresnek urteko lehen erdian, bere merkatuen krisiaren ondorioz

Leire Kortabarria 2013ko ira. 9a, 13:10

Fagor Etxetresnek 66,8 milioi euroko galerak izan ditu urteko lehen erdian, iaz baino hiru aldiz gehiago. Espainiako Balio-Merkatuaren Batzordeari emandako datuak dira horiek.

Urtarril eta ekain artean, Etxetresnek 491 milioi euroko salmentak egin zituzten, iazko epe berean baino % 19 gutxiago.

Fagor Etxetresnek azpimarratu dutenez, bere kontuak saneatzeko 37 milioi euro ipini ditu aurtengo lehenengo seihilekoan, 2012ko emaitzen kargura.

Etxetresnen kooperatibak dioenez, "Espainiako etxetresna elektrikoen merkatuak krisi ekonomiko larriaren ondorioak jasaten jarraitzen du eta horren eraginez familien kontsumoak behera egin du eta baldintza finantzarioak gogortu egin dira, eraikuntza arloaren kolapsoaz gain. Hala ere, bilakaera positiboa antzematen ari da, aldagai makroekonomikoen okerragotzea apaldu egin baita, izan ere, sektorearen %6,8ko jaitsiera nozitu du eta iaz tarte berean %16koa".

Gaineratzen duenez, Taldearen gainerako merkatu nagusietan -Frantzian eta Polonian, hain zuzen ere- sektorearen negozio-balioa % 7,7 eta % 1,4 jaitsi da, hurrenez hurren. Merkatu frantsesaren kasuan, egoerak okerrera egin du, izan ere, 2012ko lehen seihilekoan % 2,1 jaitsi zen.

"Aurkako testuinguru honetan ere, Taldeak eutsi egin dio berrikuntza gero eta lehiakorragoa den merkatu baterako lan-ildo estrategikotzat hartzeko apustuari. Horren erakusgarri da I+G+b arloan zeharkako izaeradun eta nazioarteko dimentsioko proiektuetan egindako 10,8 milioi eurotik gorako inbertsioa", esan du kooperatibak.

Garatzeko bidean dauden herrialdeetara begira

Fagor Etxetresnek gogorarazten dutenez, "Espainiak eta beste merkatuek dituzten aurreikuspen ekonomikoetan oinarrituta, Fagor Etxetresna Elektrikoek  konpainiaren hazkundea garatzeko bidean dauden herrialdeetan, hala nola Errusian, Txinan edo Ekialde Ertainean, sustatzera bideratutako Gestio Plana zehaztu dute. Errekuperazio eta hazkunde helburu hori lortzeko, Fagor Etxetresna Elektrikoek 20 milioi euro inbertituko dute zenbait proiektutan, horien bitartez, batetik, marka gakoak (Fagor Espainian, De Dietrich nazioarteko merkatuan eta Brandt Frantzian) indartzeko eta, bestetik, etxetresna ahokagarrien merkatuan sendotzeko". Bide horretatik, joan den eguenean jakinarazi zuten Haier enpresarekiko egin duten joint venturea.

Fagor Etxetresnek lan-aurrerakinak murriztea erabaki zuten maiatzean; eta bestetik, Mondragon Korporazioak  70 milioi euroko laguntza finantzarioa onartu zuen Etxetresnendako, berregituratze planari eta merkatuen egoera berrira egokitzeari ekiteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak