Hainbat herrialdetako saridunak Maierren Diseinu Lehiaketan

Leire Kortabarria 2013ko ira. 9a, 17:00

Maier Diseinu Lehiaketak 15.000 euro banatu ditu aurten, hainbat herrialdeko irabazleen artean. Joan den egubakoitzean banatu zituzten aurtengo Maier Diseinu Lehiaketako sariak, Zornotzako Automotive Intelligence Centerren, eta bertan izan ziren, besteak beste, Bizkaiko Ekonomia Sustapenerako ahalduna, Imanol Paredes; Txema Gisasola, Mondragon Korporazioko lehendakaria; eta Jean Pierre Ploue, Peugeot-Citroen taldeko diseinu zuzendaria.

Aurkeztu diren proiektuen eremua Color & Trim izan da, ibilgailua apaintzeko kolore, material eta egituren diseinuaren inguruan. Guztira hainbat herrialdetako 93 proiektu aurkeztu dira, horien artean Frantzia, Holanda, Italia, Alemania, Espainia, Txina, India, Brasil eta AEB.

“Profesionalak” saritzen dituen lehen saria, 8.000 eurorekin hornitua, Miriam Reyk eta Beatriz Andradek garatutako Colour&Trim&Light proiektuari egokitu zaio; bi diseinatzaileak egoitzak Brasil, Frantzia, Alemania eta Txinan dituen IBO Group enpresa taldeko kideak dira. Proiektu irabazlearen muina kromoterapiaren ezaugarriak dira. Horren arabera, aldartea edo neke sentsazioa nola aldatu daitekeen landu da, ibilgailu barruko giroko argitasunari gama kromatiko hotzak edo beroak aplikatuz.

“Ikasleak” saritzen dituen kategorian, 4.000 eurorekin, saria Perfect Imperfection proiektuak bereganatu du, eta egileak Reutlingeneko (Alemania) Unibertsitateko Diseinuko bi ikasle, Bettina Kunkl eta Anna Katharina Greif, izan dira. Proposamenean aztertu denez, industri perfekzioaren gainsaturazioak materialak eta produktuak baloratzeko modu berri bat eragin du, estetika aldakor bat, baina hori “ez da perfekzio eleganteago bat, inperfekzio perfektua baizik”.

Eta 3.000 eurorekin saritu den “Materialen erakusgairik onena” Errioxako Goi Mailako Diseinu Eskolako Jose Garcia Magdaleno, Javier Salinero Rubio, Begoña Becerra, Karol Bledowski eta Marta Chodorowska ikasleek osatutako taldeak bereganatu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak