Mondrak irabazi du Arrasate Hiria, penaltietan

Iure Eizagirre 2013ko ira. 7a, 23:45

Penaltiak erabakiorrak izan dira gaur arratsaldean Mojategin jokatu den Arrasate Hiria torneoan. Mondra, UDA eta Bergara nor baino nor ibili dira baina hiru partidak berdinketarekin amaitu dira.

Bergara eta UDAk jokatu dute torneoko lehen partida. Partida hasieran bergararrak erasoan gehiago jokatu dute baina bukaeran UDA sarri heldu da euren areara. Bergara azken unera arte saiatu da gola sartzen eta amaiera aldera sarea kanpoaldetik jotako baloi bat ere izan da. Husna bukatu da ordea, partida eta penaltietan UDA izan da garaile.

Talde bergararra zelaian mantendu da bigarren norgehiagokan eta Mondra izan du arerio. Lehen minutuetan nabaritu da kanpoko taldeari aurreko partidak emandako erritmoa eta arazoak sortu dizkio Mondrari. Partidak aurrera egin ahala, ordea, Mondrak aurrera egin du eta uneren batean talde guztia Bergararen zelai erdian sartuta izan du. Golik gabe amaitu da partida berriro ere eta penaltien txandan Bergarak irabazi du.

Hirugarrena, partidarik lehiatuena

Mondra eta UDArena izan da partidarik estuena: bi taldeak etengabe aritu dira erasoan eta arrasatearrek sartu dute lehen gola, falta zuzenez. Baloia jokoan jarri eta berehala egin du erasoa UDAk, baloia Mondraren ateraino eramanez. Jokaldia, ordea, ezeresean geratu da.

UDAren beste kontraeraso batean Mondraren aurkako falta adierazi du epaileak. Atera aurretik txartel horia ikusi du UDAko jokalari batek eta epailearekin izandako ika-mika baten ondoren gorria atera dio. Epaileak talde bakoitzeko beste jokalari bana ere kaleratu ditu falta baten inguruan sortutako eztabaidagatik. Hainbat erasoren ondoren, aretxabaletarrek penaltiz egin dute euren gola.

Mondrak sartu du beste gol bat ere baina epaileak baliogabetu egin du, erasoan egindako falta batengatik. UDAk aukera paregabea izan du partida amaitu aurretik baina Mondrako atezainak azken unean baloira heldu eta atepetik atera du. Partida, beraz, bana amaitu da.

Mondra, torneoko txapeldun

Partida bana amaituta, Mondra eta UDAren artean jokatutako azken penaltiak erabakiorrak izan dira torneoko txapelduna erabakitzeko. Lau jaurtiketa nahikoa izan dira, Mondrak guztiak sartu eta taldeko atezainak UDAkoen bi penalti gelditu dituelako. Ondorioz, Mondra izan da Arrasate Hiria torneoko txapeldun.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak