Ikasturte berriari ekin diote gaur 364.000 ikaslek, EAEn

Amaia Txintxurreta Guridi 2013ko ira. 6a, 17:45

Debagoieneko haur eta gaztetxo gehienak ere gaur itzuli dira eskoletara, baina esaterako Antzuolan, atzo hasi ziren ikasturte berriarekin eta bailarako beste herri batzuetako ikastetxeak datorren astelehenean edo eguaztenean hasiko dira klaseekin. Gaztetxo batzuk pozik itzuli dira eskolara, lagunekin egoteko gogoz. Eta beste batzuk, ordea, tristuraz, oporrak bukatu zaizkielako.

Iritsi da eguna. Udako opor luzeak amaitu ostean, ikasturte berriari ekin diote gaur ume eta gaztetxo ugarik.

Bailaran Antzuolakoak izan dira ikasturte berriarekin hasi diren lehenak, izan ere, atzo hasi zuten ikasturtea. Hala ere, ikastetxe gehienek gaur ekin diote kurtso berriari, eta aurkezpenen ostean, oraindik klasean hasi ez diren ikasleak, datorren astelehen eta eguaztenera bitartean hasiko dira ikasturte berriarekin.

Antzuolako herri ikastetxean gainera, berezitasun batekin hasi dute ikasturtea; eskola txiki geratu zaie eta gela aurrefabrikatuen zain ekin diote ikasturteari. Bitartean, eskolan bertan egin diete lekua gela horietako neska-mutikoei.

Eta Bergarako San Martin ikastetxean ere antzerako egoeran daude, izan ere, ikastetxea handitzeko, Martinez de Iralan eraikin berria egiten ari dira baina lanak oraindik ez dituzte amaitu. Hala ere, datorren martitzenean, hilak 10, bi urteko umeek estreinatuko dute eraikin hori eta bukatzeke dauden lanak Gabon aurretik amaitzea espero dituzte San Martinekoek.

Ikasturte hasiera, herriz herri

Antzuola

Antzuolan atzo, eguena, hasi ziren eta hilaren 13ra arte goizez bakarrik ariko dira, 09:00etatik 13:00etara. Hilaren 16tik aurrera hasiko dira goiz eta arratsaldez, 09:00etatik 12:30era eta 14:30etik 16:30era. Jangela zerbitzua martxan da.

Aramaio

Aramaioko San Martin eskolan gaur, hilak 6, hasi dute ikasturtea. 09:00etatik 13:00etara.

Aretxabaleta

 Kurtzebarrin Haur Hezkuntza hilaren 11n, eguaztena, hasiko dira. DBHkoek gaur, egubakoitza, izan dute aurkezpena eta astelehenean klaseak hasiko dira. Arizmendin, berriz, hilaren 12rako batzuk egun erdiz hasiko dira
eta Lanbide Heziketa Insititutuan gaur izan dute aurkezpena eta astelehenean hasiko dira klaseekin.

Arrasate

Arizmendin, haurtzaindegian hilaren 2an hasi ziren; batxilergokoak astelehenean, hilak 9, hasiko dira; eta Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta DBHn eguaztenean hasiko dira, hilak 11. Arrasate Herri Eskolakoak, berriz, Astelehenean hasiko dira.

Bergara

Bergarako hiru eskolak –Aranzadi ikastola, Mariaren Lagundia ikastola eta San Martin Agirre Herri Eskola– gaur, egubakoitza, hasi dira.

Elgeta

Elgetako herri eskolan astelehenean, hilak 9, 09:00etan hasiko dira. Lehenengo bi egunetan goizean soilik eta eguaztenetik aurrera egun osoko jarduna izango dute. Jantoki zerbitzua zabalik egongo da lehenengo egunetik. Salbuespena dira aurten bi urteko gelan sartzen direnak; horiek martitzenean hasiko dira eta egokitzapena egingo dute iraila osoan.

Eskoriatza

Arizmendikoak, Almen gunekoak eta Jose Aranakoak, eguaztenean, hilak 11, hasiko dira. Luis Ezeiza ikastetxekoak, berriz, martitzenean, hilak 10. Eta Kulunka haur eskolakoak atzo, eguena, hasi ziren egokitzapenarekin.

Oñati

Gaur, egubakoitza, hasi dute ikasturtea Txantxiku Ikastolan, Elkar Hezin eta Urgainen eta hilabete guztia goizetik bakarrik egingo dute, San Migel jaiak pasa arte. Astelehenean zabaldu zituzten haurtzaindegiak, Txantxikun, Elkar Hezin eta Txiki Txokon.


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak