Mikel Mendarte (Kutxabank): "Gipuzkoako jendarteak eskatzen dizkigun ikastaroak egiten ditugu"

Eneko Azkarate Laspiur 2013ko ira. 6a, 14:00

Kutxa Ikasgelak programa abian jarri du Kutxa Fundazioak aurten ere. Berritasunekin: irailetik maiatzera bitartean izango da eta Internetez bakarrik eman ahal izango da izena. Horretarako epea zabalik da irailaren 12ra arte. Kutxabankeko webgunean egin daiteke. Goiena.net ataritik ere badago horretarako sarbidea. Kutxa Fundazioko Kultura zuzendariak eman dizkigu zehaztasunak.

Aurten ere Kutxa Ikasgelak programaren bitartez hainbat ikastaro antolatuko dituzue. Zenbat ikastaro eta ze eratakoak?
Gipuzkoa osoan 264 programatu ditugu. Denetarikoak: jarduera tekniko eta artistikoak; literatura, arteak, ingurumena, informatika, dantza, antzerkia, informatika…; nork bere trebetasunak garatzekoak…; osasunarekin lotutakoak eta jarduera fisikoak: pilatesa, yoga…

Nork har dezake parte; hau da, ze baldintza bete behar dira ikastaroetan parte hartzeko?
Beharrezkoa da Kutxabankeko bezeroa izatea eta 16 urte beteak edukitzea. Datorren urterako, bezero ez direnei ere zabaldu nahi diegu aukera. Gizartekintzaren ikuspuntutik, aukerak jendarte osoari zabaltzea da helburua.

Doan dira ikastaroak?
Batzuk bai eta beste batzuk ez. Baina ikastaro guztiak diruz lagunduta daude. Kutxabanken Gizartekintzak babesten ditu eta, ondorioz, ia doan ateratzen zaio jendeari.

Zenbat lagunek hartzen dute parte ikastaroetan?
6.000 inguruk urtean. Azkeneko bi urteotan apur bat jaitsi egin da, baina nahiko egonkorra da.

Gipuzkoako herri guztietan antolatuko dira?
Handienetan. Guztira, 28 herritan. Debagoienean, Arrasaten, Bergaran, Oñatin, Aretxabaletan, Eskoriatzan eta Antzuolan…

Bergarako UNEDekin elkarlanean antolatu izan dituzue hainbat. Aurten ere bai?
Bai, bai, bi erakunde garrantzitsu dira Kutxa Ikasgelako oinarriak. Bergarako UNED eta Nazaret. Horiekin biekin antolatzen ditugu jarduera gehienak: ikastaroak eta berbaldiak. Bide batez, aprobetxatu nahi dut une hau eskertzeko erakunde horiek egiten duten lana. Aliatu estrategikoak dira guretako.

Hiru kutxen bategiteak eta Kutxabanken sorrerak zela eragin dio Kutxa Ikasgelak programari?
Bategitea erabaki estrategiko beharrezkoa izan da. Erabaki ekonomikoa. Egin izan ez balitz, agian, ez genuke edukiko gaur egun Gizartekintzarako baliabiderik. Egia da, edozelan ere, aurten aurrekontuak behera egin duela, baina ez dio eragin ikastaro kopuruari. Beste alor batzuetatik murriztu dugu.

Aurtengo berritasunetako bat da izen-ematea Internet bidez egin behar dela. Ez da beste biderik?
Ez. Nonbaitetik aurreztu beharra zegoen eta erabaki dugu edukia ez ukitzea eta izen-emate moduetan-eta aurreztea: paperak, telefonoa, ohiko posta… Horiek aurreztu ditugu. Aurrerantzean, saretik bideratuko ditugu bezeroekiko harremanak.

Zein da ikastaroetan parte hartzen dutenen profila?
Denetik dago, baina bezeroen erdia 50 urtetik gorakoak dira eta, batez ere, emakumezkoak. Halere, gazteak erakarri nahi ditugu eta datorren urtera begira hainbat berrikuntza egingo ditugu. Ikastaroak jende gazteagoari bideratutakoak izango dira.

Internetetik izena eman behar izateak ez dizue arazorik sortuko?
Espero dugu ezetz. Jende heldu batzuen partetik kezkak heldu zaizkigu, baina haien senitarteko gazteagoekin-eta ari dira. Bestetik, Internetetik egiteak edota sare sozialetan murgiltzeak erraztuko digu bidea jende gazteagorengana heltzeko.

Izena lehenago ematen dutenek izango dute lehentasuna?
Bai, horrela izan da beti. Irailaren 28tik aurrera esleitutako plazen berri emango dugu webgunean. Irailaren 5etik 12ra arte luzatzen da epea.

Zein da Kutxa Ikasgelak ekimenaren helburu nagusia?
1986an hasi ginen kurtsoekin. Gipuzkoako jendarteak eskatzen dizkigun ikastaroak eskaintzea da nahia. Kultura arloarekin ekin genion, baina berrikuntza ikuspegiak aintzat hartuz jendartearen premia eta nahietara egokitzen joan gara etengabe.

Gehien eskatzen diren ikastaroak zeintzuk dira?
Berbaldiak, eta gero, yoga, pilates, mantentzeko gimnasia, memoria lantzekoak, informatika, antzerkia. Azkeneko urteotan, krisiagatik-edo, jantzigintza, arropak konpontzekoak…

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak