Bederatziurrena Arantzazun

Jagoba Domingo 2013ko ira. 3a, 19:01

Bederatziurrena ospatzen dabiltza dagoeneko fededunak Arantzazun. Arantzazuko Ama Birjinaren eguna datorren astelehenean izango da, baina urtero legez, fededunak euren prozesioarekin bertara joan eta hausnartzeko denbora hartzen dabiltza. Gaurkoan Elgeta eta Angiozarreko bizilagunen txanda izan da, eta bertan gustura asko egon dira eguraldiaz, inguruaz eta sermoiaz gozatzen.

Aurten ere Arantzazu fededunen topaleku izango da datozen egunetan. Pasa den zapatuan, abuztuaren 31an, hasi zen Bederatziurrena, eta datorren astelehenean, hilak 9an, izango da momentu gorena; eta Iñaki Beristain frantziskotarrak esan bezala, Arantzazun bizi direnentzat urteko egun berezienetako bat.

Fedearen inguruan bueltaka

Aurtengo Bederatziurren hau, fedea ulertu eta fedea bizitzeko era ezberdinetan jarriko dute arreta. Urteko sermoiak alde batera utzi eta gerturatutakoei beste ikuspuntu bat ematen saiatuko dira, pentsatu eta hausnartzeko egunak direlako eta, gaur egungo gizarteak behar dituen berritasunak aintzat hartuz.

Ni zergatik naiz kristaua galderari erantzutea eta fedea berritzea dira aurtengo sermoien helburuak. Horren gainean hausnartzeko, egunean hiru aldiz batzen dira elizan. Lehena goizeko 11:00etan, penitentzi ospakizunean, ordu erdiko sakramentu ospakizuna; 12:00etan meza nagusia, eta iluntzean 20:00ak inguruan, arrosarioa eta benedita. Gaurko honetan Elgeta eta Angiozarreko bizilagunen txanda izan da, atzo ordea protagonistak aretxabaletarrak izan ziren. Beristainen esanetan urtero jende gutxiago hurbiltzen da, hala ere, jende dezente ibili ohi da.

Arantzazuko Ama Birjinaren Eguna, datorren astelehenean

Bederatziurrenarekin amaitzeko beraz, astelehenean ospatuko dute Arantzazuko Ama Birjinaren eguna. Bertara Gotzaiaz gain, ibarreko eta Euskal Herriko hainbat fededun gerturatuko direla esan du Beristainek. Hala ere, hilak 9a heltzeko egun batzuk falta dira, beraz, oraindik baduzue denbora Arantzazuko santutegira joan eta nahi izanez gero, bertan hausnartzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak