Osa senar-emazte bergararrak gustura, Gipuzkoako Artzain Egunean omenaldia jaso eta gero

Julen Iriondo 2013ko ira. 2a, 18:06

Legazpin, Gipuzkoako artzaintzaren urteroko festan egin zieten omenaldia Joxe Mari Osari eta Argi Osari. Urteetan egindako lanagatik aitortza jaso zutenen artean izan ziren Bergarako Larrañaga Haundi baserriko senar-emazteak. 

Bergarako Murinondo auzoko Larrañaga Haundi baserrian egin digute harrera Jose Mari Osa eta Argi Osa senar-emazteek, goizean, artzaintzari eskainitako bizitzagatik Legazpin omenaldia jaso eta biharamunean. Gipuzkoako artzain-egunean jasotako aitortzarekin pozik, 80 urte betetzera bidean, Jose Mari eta Argik ondo gogoan dute hainbeste urteko artzain bizitza; gaztetan hasi eta oraintxe arte ibili dira, izan ere.

Argi Itziarren jaio zen; han ere bazituzten ardiak; Bergarara ezkondu eta artaldeari lotuta egin du bizimodua. Jose Marik aitarengandik jaso zuen ofizioa. Gazta egin izan dute, eta esnea saldu ere bai. Egun ere badituzte ardiak, bildotsetarako bakarrik. Lehen bezala, Aretxabaletako Ugastegi auzo inguruan pasatzen dute uda, eta Bergaran negua. Iaz arte gainera, oinez egiten zuten batetik besterako bidea.

Artzain txakurrak ere bai

Gipuzkoako Artzain Txakur Txapelketa ere egin zuten atzo Legazpin , eta Migel Arregi oñatiarrak bigarren egin zuen, Mendi txakurrarekin; Busturian jokatuko den Euskal Herriko txapelketarako sailkatu zen horrela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak