Lagunarteko torneoa hasteko ez dute modu txarra aukeratu bergararrek, aurtengo denboraldian gatz eta piparrez betetako derbiak izango dituzte antzuolarren kontra, eta hain zuzen, euren kontra jokatuko dute lehenengo partidua (gaur, 18:30ean). Zaleek oraindik gogoan dute duela hiruzpalau urte bi taldeak erregionalean zeudenean izandako derbiak –berdegunean lehia galanta izan zuten, baina kanpoan lagunarteko giroa. Bergarak urte ederra egin zuen orduan, Manu Diazen aginduetara, baina Antzuolaren kontrako bi partiduak galdu egin zituzten. Aurten, ostera, bi taldeak zein baino zein gehiago ikusiko ditugu ligan, eta gaurkoak balioko du derbi horiei osagaiak gehitzen joateko.
Zapatuan, Mondra-Aretxabaleta
Zapatuan, ostera, Mondrak eta Aretxabaletak jokatuko dute torneoko bigarren kanporaketa. Hala, erregional preferentean jokatuko duen Gotzon Urzelairen talde eraberritua, eta ostera ere Hirugarren Mailara begira egon nahiko duten Albistegiren taldea izango dira aurrez-aurre. Partidu hori 18:00etan hasiko dute. Eta bi kanporaketa horietako talde onenek domekan jokatuko dute finala, hori ere 18:00etan, Agorrosinen.
Jose Luis Agirrenen omenezkoa, eta Arrasate Hiria Torneoa, ostera, datorren asteburuan jokatuko dituzte.