Langile bat hil da Bergaran AHTren lanetan

Txomin Madina Milikua 2013ko abu. 27a, 18:33

Makina batek azpian harrapatu duenean hil da langilea, 44 urtekoa eta madrildarra, Bergara eta Antzuola arteko Abiadura Handiko Trenaren lanetan. Lan istripua salatzeko elkarretaratzea deitu dute sindikatuek Bergaran eguen goizerako.

44 urteko gizonezko bat hil da gaur arratsaldean Abiadura Handiko Trenaren Bergarako lanetan. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailetik adierazi dutenez 15:30 inguruan jaso dute SOS Deiaken istripuaren abisua.

Osasun arloko langileak eta suhiltzaileak joan dira ezbeharra gertatu den lekura baina ezin izan dute ezer egin: lekuan bertan hil da langilea, 16:10ean. Materiala garraiatzen ari zen makinak azpian harrapatu duelako hil da langilea.

EH Bilduk eta Mugitu-k ezbeharra salatu dute. Mugitu-k salatu du "AHTko lanetan izaten diren lan baldintza kaskarren eta esplotazioaren" inguruan Eusko Jaurlaritzak "ez ikusiarena" egiten duela, eta manifestazioa deitu du barikurako.

Zazpi hildako AHTren lanetan, 4 Debagoienean

AHTa eraikitzeko obretan, gutxienez, zazpi lagun hil dira azken bost urteotan, horietako lau Debagoienean, eta beste zenbait zauritu dira.

  • 2012an, Arrasaten hil zen 55 urteko langile bat, Gesalibarren.
  • 2011ko irailean, ostera, Tolosan hil zen beste langile bat. Kamioi bat bidetik irten, eta gidaria hil egin zen.
  • 2010eko martxoaren hasieran, beste langile bat hil zen, Antzuolan. Kamioi bat gidatzen ari zen langilea bihotzekoak jota hil zen.
  • 2010ean bi langile hil ziren: abenduaren 9an behargin bat hil zen eta hiru zauritu ziren Eskoriatzan (Gipuzkoa), leherketak egiteko erabiltzen duten materialak ustekabean eztanda egin ostean. Urte berean, abuztuaren 11n, 49 urteko langile portuges bat hil zen Duranan (Araba). 
  • 2008ko uztailean Luku (Araba) herriaren ondoko lanetan 51 urteko langile errumaniar bat hil zen, egitura metalikoaren zati batek azpian harrapatuta.

Gipuzkoako Foru Aldundia: "Lan segurtasun eta osasunari buruzko araudia zorrotz bete"

Bergaran, AHTaren lanetan, langile bat lan istripuan hil dela-eta, Gipuzkoako Foru Aldundiak honako hau jakinarazi du:

  • "Gipuzkoako Foru Aldundiak bere samina adierazi nahi du, eta elkartasuna helarazi nahi die hildakoaren senitarteko, lagun zein lankideei.
  • Gipuzkoako Foru Aldundiak argi adierazi nahi du lan osasunari lehentasuna emango dion lan harreman eta prebentzio eredu berria sortu behar dugula, eta eredu horrek lan duina eta segurua izan behar duela ardatz. Horretarako, ezinbestekoa da gizarte eta ekonomia arloko eragile guztiek eta administrazio publikoek batera eta norabide berean jardutea.
  • Egiturazko arazo honi aurre egiteko, funtsezkoak dira prebentzioa, prestakuntza eta lan segurtasun eta osasunaren kontrako delituen jazarpena. Norabide horretan lan egin behar dute, hain zuzen ere, gizarte eta ekonomia arloko eragileek eta erakunde publikoek.
  • Enpresei dei berezia egin nahi diegu lan segurtasun eta osasunari buruzko araudia zorrotz bete eta betearaz dezatela.
  • Lan prebentzioaren kultura bere langileen artean eta, oro har, gipuzkoar guztien artean zabaltzeko eta lan istripuei segimendua egiteko konpromisoa du Gipuzkoako Foru Aldundiak".

Udal Gobernu Taldeak bat heriotza salatzeko elkarretaratzeekin

Bestalde, Bergarako Udal Gobernu Taldeak bat egin du asteleheneko heriotza salatzeko egingo diren elkarretaratzeekin. Hala dio argitara emandako oharrean:

"Astelehen honetan 44 urteko gizonezkoa zendu da Bergaran lan istripuan, Abiadura Handiko Trenaren lanetan ari zela makina batek azpian harrapatuta.

Ezbehar honen aurrean Bergarako Gobernu Taldea osatzen dugun pertsonok gure doluminik zintzoenak iritsi arazi nahiko genizkieke bere familiari eta hurbilekoei.

Era berean, lanean izandako heriotza salatzeko gure herrian eragile desberdinek deitutako elkarretaratzeekin bat egiten dugu eta dei egiten diegu herritarrei berauetan parte hartzera, horrelako ezbeharrik ez dadin berriz gertatu".

Elkarretaratzea eguenean Bergaran

Asteleheneko lan istripua salatzeko, elkarretaratzea deitu dute ELA, LAB, EHNE, STEE eta HIRU sindikatuek. Eguenean egingo dute, eguerdiko 12:00etan, Bergaratik Arrasatera doan errepidean, Arcelor enpresarako, Antzuolarako eta AP1 autobidea hartzeko dagoen biribilean.

Horretaz gain, CCOOk deituta, San Martin plazan egin dute elkarretaratzea heriotza hori salatzeko eguazten eguerdian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak