Turista Hendaian

Larraitz Zeberio Lekuona 2013ko abu. 14a, 12:14

Hamar egun egin ditugu Hendaiako kanpin batean. Kuriosoa da etxean bertan turista izatea.

Elgetara bizi izatera etorri aurretik hanka bat Irunen eta bestea Hendaian bizi izan naiz beti. Hala, herri biak ondo ezagutzen ditudala esan daiteke. Uste hori nuen karabana hartu eta Hendaiako kanpin batean hamar egun egin ditudan arte. 

Kanpin ugari

Udan hirukoiztu egiten da biztanle kopurua Hendaian. Bistan da baduela zer eskaini, eta inguruan dituen herri eta herrixkak aberastu egiten dute eskaintza hori.

Jende uholdeak, ordea, aldaketa garrantzitsuak eragiten ditu Antton Abbadiaren herrian, eta egunotan ezezagunak nituen alderdi batzuk ezagutu ditudala esan daiteke. Lehenengo eta behin Hendaian dagoen kanpin kopurua eta bertan egoten den mugimendua. Eskaintza zabala da, eta zerbitzua kalitatezkoa —ezagutzea tokatu zaiguna, behintzat—.

Les Acacias kanpinean izan gara. Hondartzara jaisteko doako autobus zerbitzua genuen egunero, eta horretaz gain aintzira moduko bat kanpinean bertan tobogan eta guzti.

Umeendako, bestalde, puzgarria bat dute egun guztian martxan. Jolasgunerik ere ez da falta. 

Ordutegi 'europarrak'

Turista gehienak frantsesak, alemaniarrak edo ingelesak izanik horrek ere eragina izan du kanpineko giroan. Nola lortzen dute umeek isil-isilik afaltzea, egunean zehar nabarmen ez geratzea, eta ordu jakin batean protestarik gabe ohera joatea?

Ordutegiekin ere alderantziz ibili gara, orokorrean. Turista guztiak hondartzatik itzultzeko erabiltzen zuten autobusa hartzen genuen guk arratsalde pasa joateko. Harrikoa ere bakarrik egiten genuen; beti gainerakoek baino beranduago.

Horiek irakurrita gaizki ibili garela pentsa dezakezue, baina ez da batere horrela.

Gainerako turista gehienak moduan egunez hondartzaz gozatu ostean iluntzean Hendaiako kaian zerbitzua ematen duen txalupa hartu eta Hondarribirako bidea ere laster ikasi dugu guk.

Leku berriak ere ezagutu ditugu. Esaterako, Biarritzeko akuarium berritua edo Urruñako Oihana abentura parkea.

Turista etxean

Berezia da etxean turista izatea. Ikusten duzu zure herria eta bere ingurukoak nola saltzen dituzten. Baita nola kontsumitzen dituzten ere. Eta denetarik dago. Ez dut sekula ahaztuko pareko akanpalekuan zegoen familiako seme gaztea. Goiz batean zuriz, gorriz eta berdez jantzita agertu zitzaigun: ikurrina bana kamisetako mauketan, eta lauburudun alpargata zuri-gorriak oinetan. Frantses peto-petoa zen oporretan au Pays Basque.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak