Oporrak gertuan

iban arantzabal 2013ko abu. 5a, 12:58

Oporrak! Bai, heldu dira oporrak!

Behar genituen, egia esan. Urte zailetan bizi gara eta nekezago daroaguz aurrera buruan ditugunak. Hori bai, aurrera. Negarrerako izango ditugu, segituan, irailetik aurrerako hilabeteak. Gaurkoan oporrez jarduteko aukera dugu. Utikan egun lainotsuak eta hotzak!

Egunak eguzkitsu eta azul-azul badoaz ere, gure oporrak nekearen ostekoak dira, nekeak markatutakoak. Buruak ezetz esaten zigun, baina gorputzak argi utzi digu hilabete hau deskantsurako behar dugula. Deskantsua gure tiak hartu duena ere. Burua argi eta gorputza arin zituen 105 urteko tiak, Elgetan jaioa zen bera, ez dut zaharragorik ezagutzen Debagoienean. Bego lasai.

Deskantsu hori helduko zaigu bizi-legea ere badenez, eta bitartean patxadaz hasi ditugu egunok: bidaia handirik ez, autoan egindako kilometroak ordu pare batean egiteko modukoak, lotara etxera... eta lehenengo hamabost egunak horrelaxe pasatuko dira. Egin dugu bueltaren bat auzoko jairen batera, Bergarako igerilekuetan ere gustura egon gara uztaileko jende uholde barik, Gamarrakoak ere gustatu zaizkigu kerizpeagatik eta igerileku txikiagatik, Saturrarango hondartzak jarraitzen du berezia izaten... Euskal Herria izango da gure trenaren geltokia. Aurten ez gara heldu pastorala ikustera Sohütara eta penaz geratu gara, baina badugu asmoa San Ferminetan egon ginen letxe Gasteiz, Donostia eta Bilboz gozatzeko. Batzuetan familia giroan eta besteetan bestela, bestetan. Aurten Biboko Kafe Antzokikoek gonbidatuta hango txosnatzarrean txanda ere egingo dugu, eta ez etorri ez doako tragorik hartzera, askorendako da-eta 2013 urte katramilatsua. Idazten nagoen honetan, esaterako, itxiko da Elgetako denda bat, "EkoD", Erdiko denda. EkoD-tik ez da pasatu Kubako "La Bodeguita del Medio"-tik pasatutako Errol Flynn, Salvador Allende, Pablo Neruda edo Ernest Hemingway, baina denda honek bazuen herritarrondako xarma berezia. Zerbitzu atsegina eta gertukoa. Denbora askoan akordatuko gara abuztuaren 5ean itxi den dendaz. Ze pena. Eskerrik asko, Dayami.

Ai... Baina oporrez niharduen... aprobetxatu gura dut batzuek irakurriko dutela testutxo hau Euskal Herrian egiteko planez galdetzeko. Nora? Zein txoko da gomendatzeko modukoa? Idaztera animatzen bazara eskertuko dizugu. Momentuz oporren kronika egiteko goiztxo niretzat. Baina zuok proposatutako planen batera joaten bagara agintzen dizuet kronikatxoa abuztu amaieran. Bizi oporrok ahalik eta zoriontsuen!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak