16 txakur kiskalita Aretxabaletan eta hektarea bat mendi erreta, Arrasaten

Ubane Madera 2013ko abu. 2a, 15:16

Horiexek dira atzo, eguena, Aretxabaletan eta Arrasaten gertatutako suteek utzitako ondorioak. Oraindik ere zenbait puntutan ikus daiteke ke apur bat. Are gehiago, goizean oraindik ere suhiltzaileak kiskalitako inguruak zaintzen ibili dira, arriskua erabat desagertu dela ziurtatzeko.

Eta zorionez, halaxe da. Edozelan ere, atzo bi suteak itzaltzeko nahikoa lanekin ibili ziren suhiltzaile, udaltzain zein bestelakoak. Izan ere, bi suteak ordu inguru berean piztu ziren: ordu bietan. Eta biak emendatzeak luze jo zuen.

Larriena, Aretxabaletakoa

Bi suteen artean, ikusgarriena eta larriena Aretxabaletakoa izan zen. Mendiolarako bidean gertatu zen, bertako txabola batean. Eta esandako moduan, 16 txakur erre ziren bertan; bat, gainera, joan den astean Euskadiko txapelketan txapela irabazi zuena. Izan ere, lehiaketetarako zein oilagorretarako txakurrak ziren txabolan gordeta zeuden gehienak. 19 bat, ugazabak emandako informazioaren arabera.

Arrazoia jakitea, nekeza

Hasieran, gainera, su handia eta ke beltza ikus zitekeen Mendiolako industrialde inguru hartan. Mikel Larrañaga da bertan izan ziren suhiltzaileen arduraduna, eta berak esandakoaren arabera, sutea laster menderatzea lortu duten arren, hasiera zaila izan da, su handia aurkitu dutelako Mendiolan.

Sua piztearen arrazoia, gainera, ez dago batere argi. Sua norbaitek nahita piztu ote zuen susmo txarra badu ugazabak. Baina, berak dioen moduan, hori determinatu barik dago, eta gainera, suhiltzaileen arabera, ez da batere erraza izango arrazoia zehazterik, den-dena erre-erreta dagoelako.

Kurtzetxikin, 20 lagunetik gora lanean

Kurtzetxikiko suteari dagokionez, berriz, partikular batek deitu zuen haren gaineko abisua emanez. 14:00etatik ibili ziren han sua emendatzen, suhiltzaileak, mendietako langileak, udaltzainak eta hainbat baserritar, 20-22 bat lagun, guztira. Eta gaueko bederatziak eta erdietan oraindik kamioikada bat ur botatzen ibili dira.

Izan ere, Aretxabaletakoa bezain ikusgarria izan ez arren, zabalera handiagoa hartu zuen Arrasateko suteak. Azken honen kasuan, gainera, pertsona batek eragindako sua izan dela susmatzen dute adituek. Atzo adierazi zuten lehenagoko erreketa baten ondorengo txinparta batek eragin zuela sutea; gaur, berriz, zigarrokin baten ondorioa izan ote den dabiltza aztertzen.

Kontuak kontu, bat izan edo beste izan, egunotako bero sargoriarekin eta mendia siku-siku dagoela kontuan hartuta, surik ez dela egin behar gogora ekarri du Zubillagako suhiltzaileen arduradunak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak