Bero sargoriarekin segiko dugu, alerta horian

Ubane Madera 2013ko abu. 1a, 15:52

Gaur ere, bero galanta iragarri dute eguraldi adituek, eta goizean-goizetik hala datorrela agerikoa da. Inguruko termometroak ikustea besterik ez dago: 09:00ak aurretik, Bergarako Matxiategi kaleko farmaziako termometroak 32 gradu markatzen zituen, eguzkitan. Arrasateko Otalora kaleko aseguru etxearen termometroak, berriz, 26 gradu, gerizpetan. Halakoetan beroari aurre egiteko gomendioak kontuan hartzea komeni da, ezustekoak ekiditeko. Bihar, egubakoitza, hasiko dira tenperaturak jaisten.

Honako hauxe da Euskalmetek gaurko egin duen iragarpena: "Ostegunean ere, bero galanta. Lurraldearen hegoaldean tenperatura maximoak are altuagoak izango dira eta leku gehienetan 36 edo 38 ºC ingurukoak izatea espero da. Kantauri isurialdean ere bero handia egingo du baina arratsaldean haizea iparraldera aldatuko da eta tenperatura maximoak atzokoak baino zertxobait baxuagoak izango dira. Kostaldean jaitsiera nabarmenagoa izango da. Zeruan eguzkia jaun eta jabe izango da, hala ere, litekeena da ilunabarrean behe-hodeiak sortzea kostaldean".

Tenperaturen aurreikuspenen atalean, berriz, iragarri du Arrasaten, 37 graduko tenperatura espero dela gaur.

Bihar, behera

Euskadiko metereologia agentziaren arabera, bihar hasiko dira tenperaturak jaisten, nahiz eta beherakada nabarmenenta zapatuan igarriko dugun.

Biharkoari dagokionez, hona iragarpena: "Bihar tenperaturak behera egingo du, ipar partean bereziki. Goizean bero egingo du oraindik eta zerua oskarbi egongo da, soilik kostaldean ikusiko ditugu behe-hodei batzuk. Arratsaldean bero-hodeiak garatuko dira eta arratsaldearen amaieran eta gauean ekaitz zaparrada batzuk botako ditu, kantauri isurialdean bereziki. Goizean hegoaldeko haizea nagusituko da, baina goizean kostaldean iparraldera aldatuz joango da eta gainontzeko tokietan egunak aurrera egin ahala aldatzen joango da, iparraldetik hegoalderantz".

Tenperatura altuenei dagokienez, Arrasaten 33 gradukoak iragarri dituzte.

Zapatuan, euria

Eta esandako moduan, zapatuan igarriko da beherakadarik nabarmenena. Hona Euskalmetek dioena: "Larunbatean tenperatura asko jaitsiko da, barnealdean bereziki. Tenperatura maximoak 23 eta 26 ºC bitartean kokatuko dira ia lurralde osoan. Hodei ugari egongo da zeruan eta euri txikia egingo du, egunaren lehenengo partean batez ere eta kantauri isurialdean. Goizaldean ekaitzak jo dezake. Haizeak iparraldetik joko du, ahul-bizi".

Arrasaten, 26 graduko tenperaturak espero dituzte, altuenetik jota.

Beroari aurre egiteko gomendioak

Bero horri aurre egiteko, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak hainbat gomendio egin gura ditu. Besteak beste: likido ugari edan behar da, bereziki, ura. Alkohola, kafeina edo azukre larregi duten edariak saihestu behar dira.

Jana eta janzkera

Gauza arinak jatea komeni da (entsaladak, gazpatxoa…). Eguzkiak jotzen duenean itxi etxeko leiho eta pertsianak. Jantzi arin eta kolore argidunekin ibili. Bero handien egiten duen orduetan hobe kalera ez ateratzea; eta atera beharra badago, burua eta begiak estalita atera. Eta kirola eginez gero, bero gutxien egiten duen orduetan egin.
Umeak, nagusiak eta animaliak

Nahiz eta automobila gerizpean izan, ez utzi sekula animalia edo pertsonarik barruan.

Komeni da zaintzea, bereziki, umeek eta pertsona nagusiek gomendioak jarrai ditzaten. Zaintza berezia ipini behar da bakarrik bizi diren pertsona nagusiengan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak