Ondo joatea eta itzultzea delako garrantzitsuena

Oporrak. Atseden hartzeko garaia; toki berriak ezagutzekoa; edo ohiko opor lekura bidaia egitekoa. Toki batera edo bestera, asmo bat edo beste bat izan, baina bidaiatzea izan ohi da askorentzat oporrek, berez, dakartena. Oraindik gaur, norberaren automobila izaten da sarri erabiltzen den garraiobidea. Eta inork nahi izaten ez duena burukominak izaten dira, ze opor hasierako amesgaiztoetan gaiztoena izan daiteke-eta automobilak botata uztea, bidaia erdian.

Horregatik da garrantzitsua irten aurretik ibilgailuari azterketa egitea, horregatik eta segurtasunagatik batez ere, baita helmuga bitarteko kilometroak ahalik eta erosoen egiteko, eta poltsikoa aintzat hartuta ere bai.

Autoa tailerrera eramanez gero, puntu gehiago begiratuko dizkigute, baina horietako sei nabarmendu nahi izan ditugu hemen, garrantzitsuenak-edo direlakoan.

------------

1. Pneumatikoak 

Pneumatikoak dira, segurtasunaren ikuspuntutik, ibilgailuan zaindu beharreko gauza garrantzitsuena, haien bitartez atxikitzen zaiolako autoa errepideari. Eta pneumatikoan hiru gauza begiratu behar dira: marrazkiaren higadura maila, gomaren pitzadurak eta presioa.

Higadurari dagokionez, gurpilaren marrazkiak 1,6 milimetroko sakontasuna izan beharko du, gutxienez; gurpilak berak izaten du maila horretara noiz iritsi den abisatzen duen adierazle bat. Dena dela, izan liteke sakontasuna maila horretara iritsi aurretik pneumatikoek aldatu beharra izatea, hainbat arrazoirengatik.

Horietako bat da gurpila zaharra izatea: "Gomak pitzadurak dituenean esan nahi du gogortuta dagoela, kristalizatuta, eta segurtasuna ez da berdina", dio Arrasateko Citroën Chapime tailerreko Ruben Lozanok. "Produktu guztiek bezala, iraungitzea dute gurpilek; bost urte izaten dira"; pneumatikoaren albo batean, borobil batean egoten da adierazita noiz egindakoa den.

Presioari dagokionez, aldatu egiten da automobil modelotik modelora, eta baita aurreko gurpiletatik atzekoetara edo daramagun kargaren arabera. Autoan itsatsitako pegatina batean aurkituko ditugu azalpenak: "Pisuarekin goazenean atzean presio handiagoa sartu behar zaio", dio Lozanok; eta hala egin behar da segurtasunagatik eta baita erregai kontsumoa zaintzeko ere: "Gurpilak ez badu behar beste haize, lurra ukitzen duen azalera handiagoa da, eta autoak indar handiagoa egin behar du". Baina presio gehiegi sartzea ere ez da ona, segurtasunaren ikuspegitik, autoak "boteak" egiten ditu-eta. Beraz, ez gehiegi, ez gutxiegi.  

------------

2. Balaztak 

Behar den momentuan balaztek behar den bezala erantzun dezaten, ezinbestekoa da dituzten osagai denak egoera onean izatea; pastillak, adibidez. "Pastilla guztiz higatu eta haien burdina diskoaren burdinaren kontra geratzen bada, aberia handiagoa da, diskoa hondatu eta hori ere aldatu egin beharko litzateke eta", dio Ford Mugarriko Rafa Etxabek.

------------

3. Suspentsioak 

Suspentsioak, berriz, "oso garrantzitsuak" dira ibilgailuaren egonkortasunerako: "Larritasun momentu baten autoa kontrolatuko duzu suspentsioak ondo badaude, bestela ez", dio Etxabek.

------------

4. Olioa 

Inportantea da behar besteko kopuruan edukitzea eta ihesik ez izatea, kalte handiagoak ez daitezen gertatu: "Olioa eta iragazkiak zaintzen badituzu behar den bezala, ez da hondatuko injekzio punpa, autoaren bihotza"; halaxe azaltzen du Mugarriko arduradunak.

------------

5. Argiak 

Egoera onean eta ondo nibelatuta eduki behar dira. Autoak daraman pisuaren arabera aldatu egin daiteke argiaren norabidea. Behera egiten badu gaizki ikusiko du norberak, eta gora egiten badu, berriz, beste noranzkoan datorrenari egingo dio traba. Auto barruan izaten da argiak erregulatzeko erruleta. 

------------

6. Aire girotua 

Uda garaian eta azkenaldikoak bezalako beroekin garrantzitsua da, baita ere, aire girotua ondo edukitzea. "Makina batek ateratzen du automobileko gas zaharra, eta berria sartu, ondo hoztu dezan", dio Citroën Chapimeko Ruben Lozanok; "Bestela ere, bizpahiru urtean behin errebisatu egiten dugu; gasa bere ezaugarriak galtzen joaten da denborarekin".

Gidatzeko orduan, erosotasunean du eragina aire girotuaren funtzionamenduak –onak edo txarrak–, baina eroso ez joateak segurtasuna arriskuan jartzea ere ekar dezake: "Auto barruan 40 gradu badituzu, gorputza ez da gidatzeko moduan egongo".

-----------------

Bidaia luzeetarako zenbait aholku

Prestaketa Prestatu ibilbidea. Bide motzena ez da beti azkarren egiten dena. Irten aurretik, ondo prestatu ibilbidea, aukera desberdinak kontuan hartuta. GPSa programatu edo erabili behar baduzu, abiatu aurretik egin, ez behin abiatu eta gero. 

Informatu Errepideen unean uneko egoeraren berri aurkituko duzu, adibidez, www.infotransit.es helbidean. Badira smartphonetarako hainbat aplikazio ere, informazio berriena jasotzeko.

Distrakzioak Ez hartu telefono deiak gidatzen duzun bitartean, eta ez ibili klimatizagailuarekin, ezta musika ekipoarekin ere. Utzi lan horiek albokoari. Saihestu eduki emozional handiko elkarrizketak.

Atsedenaldiak Bi orduz behin edo 200 kilometro egin ostean. Ez jarri iristeko ordurik. Atsedenaldiek izan dezatela 15 minutuko iraupena. Adi bidaiako azken zatiarekin; erlaxatu egiten gara sarri, eta handitu egiten da istripua izateko aukera.

Umeak Dagokien jesarlekuetan joan behar dute. Eraman beti edatekoa eta pikatzeko zerbait. Mareatzen ez badira, ipuinak baliagarriak izan daitezke, baita DVDak ere, aspertu eta kexan has ez daitezen. Jarri leihoetan eguzki izpietatik babestekoak.

Prebentzioa Eraman automobileko beste giltza bat, badaezpada. Europako Batasunean ibilgailuan derrigorrez zertzuk eraman behar diren kontsultatu. Ez egon zain depositua ia hutsik egon arte erregaia botatzeko, batez ere ez badituzu lekuko ordutegiak eta ohiturak ezagutzen. Hartu gidabaimena eta asegurua. 

Dokumentazioa Eraman beti ibilgailuaren gidaliburua, edozein zalantza kontsultatzeko. Eraman erreskate orria; dokumentu honek erraztu egiten du erreskatea istripu kasuetan. www.hojaderescate.es helbidean topatuko duzu zure ibilgailuari dagokiona. 

-----------------

Iluntasuna, zailtasun bat gehiago

Gauez asko aldatzen dira gidatzeko baldintzak; horregatik, kontuan izan beharreko garrantzitsuena da arduratsu izatea. Argiekin joan arren, ikuspena ez da egunez bezain ona. Beraz, aurreko autoarekiko segurtasun tartea handitu egin behar da. Komeni da abiadura egokitzea unean uneko ikus-eremura. Gogoan hartu beharreko beste bat da kristalak garbi izatea. Kristal zikinean difuminatu egiten da argitasuna, ongi ez ikustea ekar dezaketen distirak eraginez. Oso garrantzitsua da, baita ere, sarriago atseden hartzea, gauez errazago nekatuko gara eta. Auto barruan ahalik eta argi gutxien egon dadila. Zenbat eta argi txikiagoa barruan, orduan eta kontraste txikiagoa kanpokoarekiko, eta ikuspen hobea. Azkenik, argi luzeak erabili ahal den guztietan, aurrean auto bat gertu ez dugunean eta kontrako noranzkoan ere inor ez datorrenean.  

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.