Markel Irizar: "Euskal zaleen babesa eskertu dugu, batez ere Alpeetan bizi izan dugunaren ondoren"

Arantzazu Ezkibel Galdos 2013ko uzt. 26a, 11:02

Frantziako Tourra amaitu berri, Markel Irizar Radio Shack taldeko txirrindulariarekin izan gara. Gustura dago egindako lanarekin, Froome liderrarengandik 2.59.39ko denborara amaitu du itzulia. Bihar, zapatua, Donostiako klasikoan parte hartuko du Irizarrek.

Nolako balorazioa egiten duzu amaitu berri den Tourrarena?
Beti espero duzu zerbait gehiago. Sailkapen orokorrari begira, Andyrekin esperantza geneukan, baina ezin izan du aurrean egon. Hala ere, beste urte batzuetako sasoian ez zegoela bagenekien… Etapa bat irabazi dugu eta bi egunetan maillot horia eraman dugu. Talde moduan itxura ona eman dugula uste dut.

Zure lanarekin gustura zaude?
Lan egitera joan nintzen. Liderra ez baldin badago aurrean zailagoa da lan ona egitea. Erlojuaren aurkako etapa ondo egiteko ilusioa nuen arren, Andy sailkapenean aurrean zegoenez indarrak gordetzea erabaki genuen. Aukera asko ez ditut izan; ihesaldi batean parte hartu nuen eta ondo ikusi nuen nire burua.

Uste zenuen moduan ibili zara?
Bai. Nik kilometro asko egin behar izaten ditut haizearen kontra, liderra babesten. 21 egunean horrela ibiltzeak indar barik uzten zaitu. Taldean oso baloratuta sentitzen naiz, asko eskertzen didate egindako lana eta alde horretatik oso pozik nago.

Urtero moduan, Pirinioetan euskal zaleen babesa izan duzue.
Uste dut aurtengo Pirinioak ez direla izan euskaldunendako betiko Pirinioak: ez da egon Luz Ardiden ezta Tourmaleta ere.  Horregatik, beste urte batzuetan baino jende gutxiago egon da.  Baina, batez ere, Alpeetako giroa ikusi ondoren eskertu dugu euskaldunen jarrera. Alpeetan jendea edanda eta biluzik gure alboan korrika ibili da. Euskal zaleak ez dira horrelakoak. Animuak hasieratik bukaerara ematen dituzten zale bakarrak dira euskaldunak. Ura, Coca-Cola, hotzaren aurka egunkariak… ematen dizkigute, beti errespetuarekin. Alde horretatik, gozamena da. Batetik, gure zaleak dira eta gure ikurrinarekin daude; baina, bestetik, gainerako txirrindulariek ere esaten dute ze zale onak diren.

Andy Schleckek euskaraz eskertu du euskal zaleen babesa.
Autobusean geundela, esan zidan zerbait egin gura zuela euskal zaleak eskertzeko. "Zer egin dezaket?", galdetu zidan. Nik esan nion gurekiko errespetu handia erakusten duela eta asko eskertzen dugula norbaitek esfortzu bat egitea gure hizkuntzan zerbait esateko. Andyk esan zidan berak ingelesez esandakoa nik euskaratzeko eta halaxe egin genuen. Behin sarean jarrita, izugarrizko oihartzuna izan zuen esaldiak. Eskerrak eman baino gehiago, euskal zaleei errespetua erakutsi gura zien Andyk. Txapeldun baten aldetik detaile polita izan zen 400 kilometro autoz egin zuten zaleei eskerrak ematea.

Zein izan da Tourreko protagonista?
Bagenekien Froome oso indartsu zetorrela; eta, Nairo Quintana ere, nire ustez, jakina zen ondo ibiliko zela. Nire ustez sorpresa Movistar taldea izan da. Ez nuen uste horrelako aldea izango zutenik. Talde onena izan da, alde handiarekin gainera. Ondo ibili dira eta gauza arrarorik egin barik indartsuenak direla erakutsi dute. Merezi izan dute irabazi duten dena.

Mendeurreneko Tourra. Nolakoa izan da?
Orain dela bi urte baino estres gutxiago izan dugu. Gainera, erakutsi dituzte Frantziako altxor guztiak. Euren herriaren publizitate oso ona egiten dute: Korsika, Niza, Saint Michel, Alpeak, Paris gauez… oso ondo saltzen dute euren herrialde. Negozio handia dute Tourraren inguruan, eta gu zirku horretako azkeneko tximinoak gara. Baina oso polita izan da! Aurten faktore asko izan dituzte alde eta podiumeko argazkia ere oso polita izan da: Froome, Quintana eta Purito Rodriguez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak