Jose Luis Elkoro ez dela berriro epaitu behar uste du fiskalak

Goiatz Arana Begiristain 2013ko uzt. 23a, 13:33

Jose Luis Elkoro, Arnaldo Otegi eta Joseba Garmendia 'herriko tabernen auzitik' (35/02) kanpo uztearen alde azaldu da Vicente Gonzalez Mota, Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskala; urriaren 17an hasiko den epaiketan hiru horiek ez direla akusatuen aulkian eserarazi behar uste du. Haiek ez epaitzeko eskatu zuen defentsak, lehendik ere epaituta daudela argudiatuta, eta hori argudio egokia dela dio fiskalak. Epaileak hartuko du azken erabakia, urriaren 17an epaiketa abiatu aurretik.

Elkoro, Otegi eta Garmendia epaituta daude aurretik ere, Espainiako Auzitegi Nazionalean bertan, "talde terroristako kide" izatea egotzita. Eta Espainiako legediaren arabera, ezin da inor bi aldiz epaitu delitu bera egitea egotzita.

Beraz, haiek auzitik kanpo uztea eskatzeko orduan, defentsek arrazoia dutela esan dio fiskalak epaiketa egin behar duen auzitegiari. Bateragune auzian epaitu eta zigortu zuten Otegi; 18/98 auzian, Jose Luis Elkoro; eta Udalbiltza auzian, Joseba Garmendia.

Hamar urteko zigorra betetzen ari da Otegi —Konstituzionalak azken helegiteari buruzko erabakia hartu behar duen arren, preso dago—; hamabi urtekoa, Elkoro —etxean dago preso, gaixo dagoelako—; eta Garmendia absolbitu egin zuten, Udalbiltza auziko gainerako auzipetu guztiak bezala.

Laugarren lagun bat auzitik kanpo uzteko ere eskatu zuten defentsek: Joseba Imanol Kortazar. Hura ere "talde terroristako kide" izateagatik epaitu eta zigortu zuten. Hori erakusten duten agiriak aurkezten dituenean, hura ere auzitik kanpo uzteko eskatuko du Gonzalez Mota fiskalak. ETAko kide izatea egotzita Frantzian bete zuen zigorra Kortazarrek, eta Frantzian leporatutako zigor berberagatik, ezin dute Espainian ere preso sartu.

Beraz, pentsatzekoa da udazkenean Madrilgo San Fernando de Henaresen abiatuko duten epaiketan, hasieran epaitu behar zituzten 40 lagunak epaitu beharrean 36 epaitzea, harritzekoa bailitzateke epaileak kontrako erabakia ematea fiskala eta defentsa ados badaude.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak