Datorren urtean itzuli nahi dute

Goiatz Arana Begiristain 2013ko uzt. 23a, 11:38

Paiju Peakeko hegoaldeko paretak erakutsi dien zailtasunekin eta suposatzen duen itzelezko erronkarekin liluratuta itzuli dira Iñurrategi, Vallejo eta Zabalza. Atzo, astelehena, agertu ziren hedabideen aurrean hiru alpinistak Pakistanetik bueltan, 6.610 metroko mendian bide berri bat zabaltzeko egin duten saiakeraren berri emateko. Gauzak ez direla nahi bezain ondo atera, baina helburu oso polita dela eta berriz saiatzeak merezi duela adierazi zuten.

"Gauzak ez dira nahi bezain ondo atera". Alberto Iñurrategik autokritika eginez zabaldu zuen agerraldia.

Iñurrategi: "Merezi du berriz saiatzeak"

"Uztailaren 3an eta bizkar gainean ekipo guztia generamala, baita 14 egunerako jatekoa ere, Paiju Peakeko hegoaldeko paretan sartu ginen eskalatzeko asmoz edo, hobeto esanda, bidea zabaltzeko asmoz, egunez-egun mendiaren baldintzek txarrera jotzen zuten arren; elur-jauziak eta pareta geroz eta zuriagoa eta, gainera, eguraldi iragarpenek ez ziguten esperantza askorik ematen. 6.610 metroko tontorrera iristeko helburua urruntzen hasi zen, eta paretaren gailurrera iristeko ahaleginean jarri genituen indar guztiak. Baina paretatik igotzea ezinezkoa zen eta argi dago ez genuela estrategiarekin asmatu. Itzelezko proiektua suertatu da eta beharbada hain estilo arinean egiteak kalte egin digu, soka metro gehiago behar genituen azkarrago igo ahal izateko. Argazkia baino ez geneukan, igo gabeko terrenotik jotzea erabaki genuen eta ez zaigu ondo atera. Helburua, hala ere, oso polita da eta merezi du berriz ere saiatzeak. Horretarako utzi dugu materialaren zati bat Skardun, datorren urtean itzuli nahi dugulako", azaldu zuen Iñurrategik.

Zabalza: "Inguru benetan beldurgarria da"

Aretxabaletakoaren hitzak berretsi zituen Mikel Zabalzak: "Bidearen zati handi bat egina dugu jada. Pareta ikusgarria da, ondo babestutako hormarekin, baina ingurua benetan da beldurgarria. Karakorumen sartuta dagoen Capitan bat izan liteke, Big Walleko eskalada artifiziala eskalada librearekin uztartuta eta, horrez gain, informazio eza eta bidea zabaldu beharra. Guzti horrek zaildu du aurrera egitea".

Vallejo: "Itzelezko helburua da"

"Baikorregiak izan gara beharbada", zioen Juan Vallejok, "eta pareta estilo arinegian igotzen saiatu gara, baina itzelezko helburua da eta merezi du beste ahalegin bat egiteak, horrekin geratzen naiz ni".

Sekretu asko, azaleratuta

Paiju Peak-era espedizioa osatu duten hiru mendizaleak etxean dira jada, eta garrantzitsuena, onik. Basque Team taldeko hiru kideek 6.610 metro tontorrera heltzeko saiakera berri bat egin dute, baina etengabeko elur ekaitzek eta haize boladek zapuztuta, ezin izan dute helburua lortu.

Paiju Peak mendiaren hegoaldeko aurpegi esploratu gabea Iñurrategik, Vallejok eta Zabalzak elkarrekin abian jarri duten seigarren proiektua izan da eta etorkizunerako erronka bezala geratu da. Hala ere, saiakera ez da hutsean geratu, mendiak orain arte gorde dituen sekretu asko azaleratu baitituzte mendizaleek desafio erraldoi honetan, ahalegin berri bat egin nahi duenarentzat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak