Aretxabaletak eta Eskoriatzak abade berria izango dute udazkenarekin batera

Mirian Biteri 2013ko uzt. 22a, 13:26

Andoni Illarramendi mutrikuarra izango da abade berria. Aretxabaletan, irailaren 22ean egingo den elizkizunean hartuko du kargua; eta Eskoriatzan, ostera, urriaren 6tik izendatuko dute herriko abade berria.   

Ordenatu zenetik, misio lanetan ibili da Andoni Illarramendi; hain justu, Afrikan eman ditu urte gehienak. Orain dela 15 urte inguru misioetara abiatu zen Euskal misiolari taldearen kide bezala; hasiera batean, lau urterako joan zen Angolara, baina, azkenean, denera, 15 urte egin ditu han.

Azken urteak Gazengan dagoen Bihotz Sakratuaren parrokian izan da, eta han bultzatutako hezkuntza eta osasun arloko proiektuetan lagundu izan du misiolari mutrikuarrak. Aurten, baina, herrialdean izandako istiluek parrokiaren itxiera eragin dute, eta hango misioa bertan behar utzi behar izan dute.

Asier Illarramendiren osaba

Bestalde, bitxikeri moduan aipatu beharra dago Aretxabaleta eta Eskoriatzako abade berria Real Madril futbol taldeak fitxatu berri duen Asier Illarramendi futbolari ezagunaren osaba ere badela.

Egaña, Elortza eta Letona

Mutrikuarrak Jabier Egaña ordezkatuko du Eskoriatzan; erretiroa hartuko du horrek. Eta Aretxabaletan, ostera, Angel Elortza ren lekukoa hartuko du. Oñatiarrak, dena dela, ez du Aretxabaletako parrokia utziko, baina Illarramendi gazteagoa denez, kargua berari lagatzea eta laguntzaile moduan jardutea erabaki du. 2003. urtetik Leintz Pastoral Barrutian lanean dihardun Pablo Letona abadearen laguntza izango dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak