"Gurekin elkar ezagutu duten bikoteekin Belodromoa beteko genuke"

Txomin Madina Milikua 2013ko abu. 20a, 02:00

John Denver edo Queen bezalako artisten doinuak Euskal Herrian ezagun egin zituen azpeitiarra hemeretzi urterekin hasi zen Eganekin; egun, 62rekin, berdinean dihardu.

1. Oporrak hartuko dituzte askok egunotan; zu zeu, zenbat denbora udan oporrik hartu gabe?

Sekula ere ez ditut hartu. Hemeretzi urterekin hasi nintzen musikan, eta gure lana udan izan da gehiena. Ohitu naiz bertan gelditzen. Ez zait gustatzen kanpora joatea, nahiago dut egunerokoan ahalik eta gusturen ibiltzea. 

2. Geratuko al da euskaldunik Egan ezagutuko ez duenik?

Baten bat akaso, oraingo gazteak... Baina gure garaikoak inor ere ez: alde batetik pozgarria da, esan nahi du noizbait behintzat zurekin ondo pasatu dutela.   

3. Garai baten 200 kontzertu ematen zenituzten urtean. Nola egin ziplo ez erortzeko?

Gazteak ginen-eta! 40 egun jarraian jota gaude, zein egunetan bizi ginen arrastorik gabe. Orain pare bat eginez gero, neka-neka eginda amaitzen dut.

4. Egani esker ezagutu diren bikoteek euren ezkontzetara gonbidatuko bazintuzte, zenbatetan egongo zinen honezkero?

Makina baten bai! Esan ohi dut Belodromoan erromeria bat egin beharko genukeela gurekin ezagutu diren bikoteekin, eta uste  dut bete egingo genukeela.

5. Erromeria ostekoak berdinak dira orain eta duela 30 urte?

Ez! Lehen ereindako uzta jasotzeko geratzen ginen; orain, etxera joateko desiatzen egoten gara.

6. Nazioarteko doinu asko euskal letrarekin egin zenituzten ezagun. Nondik hasi letrak moldatzen?

Ez zegon denborarik mamitzeko, jendeari bat-batean heldu behar zitzaion. Hala, kantak fonetikoki hartzen nituen: Queenen Show must go on, esaterako, Zu maixu on bihurtu nuen.

7. Bota beldur barik: ezagutu dituzun denetan, zein da gusturen aritu zaren herria?

Mutrikura edo Urnietara oso gustura goaz. Erromeriak gainbeheran daudela diotenak herri horietara etorriko balira ez lukete gauza hori esango. Loiun, Amurrion, Lazkaon... ere gustura gabiltza.

8. Eta jo duzun egoera arraroena?

Gurdi baten gainean jota gaude, ukuilu baten sabaian, argi gutxirekin... Orain, ikuskizunari garrantzia gehiago ematen zaio errepertorioari baino eta guk ere moldatu beharra izan dugu.

9. Alaba ere zeurekin dabil aspaldion. Ondo ezberdintzen dituzu aita eta nagusi paperak?

Gustura dagoela dio behintzat... Lehen baino erretxinago jartzen naiz gauzak ez direnean gura bezala irteten, baina gaurko gazteak ez daude egurrera ohituta; malguago ibili behar izaten dut.

10. Queen bereziki gustuko ei duzu. 

Munstroak ziren. Diskoan gustatzen zaizkit, ezin dira gainditu;  zuzenean ez ziren hainbesterako.

-----------------

Makila magikoa baneuka: "Gure independentziaren alde egindako lanari fruituak ateratzea gustatuko liztaidake. Makilarekin, espainolei zentzu pixka bat emango nieke, Blairrek- eta erakutsi duten inteligentzia; konturatu daitezela batzuek disgustora daudela eurekin eta nahi dutena izan gura dutela".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak