Tesiaren defentsa 11:00etan hasi da, eta bertan izan dira doktoregaiaren familia, zenbait lagun, tesi zuzendariak eta lankideak. Iñaki Arrieta eta Mariam Bilbatua doktoreek zuzendu dute tesia. Epaimahaia, berriz, doktore hauek osatu dute: Begoña Bilbao (lehendakaria), Joserra Vitoria (idazkaria), Margaret Bullen (bokala), Kepa Perez Urraza (bokala) eta Nekane Goikoetxea (bokala).

Iñigo Ramirez de Okarizen tesiaren defentsako epaimahaia.
Doktoregaiak aurkezpena egin ondoren, epaimahaikideen txanda izan da iradokizunak egiteko. Aurkezlearen erantzunen ostean, epaimahaia deliberatzera bildu da, eta epaia eman du: bikain cum laude.
Tesiaren gaia
Zer eta nola transmititzen eta eraikitzen dute Debagoieneko lehen hezkuntzako ikastetxeek (hezkuntza formalak) ingurune hurbileko (herriko, eskualdeko) kultura ondarea? Ze eragin dute transmisio eta eraikuntza horretan beste gainontzeko hezkuntza eragileek (ez-formal, informal)? Nola hobetu kultura ondarearen irakaskuntza eta ikasketa transmisioa eraikuntza horren mesederako? Horra, ikerketa lan hau bultzatu duten galderak eta kezkak.

Hainbat lagun izan dira Ramirez de Okarizen tesi aurkezpenean.
UNESCOk berak ere onartzen du, ikuspegi orokor bati begiratuta, eskolak "ezintasun nabarmena" daukala munduaren bilakaera azkarrei aurre egiteko. "Beraz, unea da, hezkuntza formalaren krisia aitortuta, hezkuntza ez-fomalaren eta hezkuntza informalaren hezkuntza ahaleginak biltzeko eta ahaztuta nahiz gaizki erabilita zeuden hezkuntza eragileak eta prozesuak berreskuratzeko, eta tratamendu integral bat ezartzeko ondare-hezkuntzaren garapena sustatzeko", jaso du Iñigo Ramirez de Okarizek, bere tesian.