Euskal ekonomia atzeraldira bueltatu dela esan du Laboral Kutxak

Leire Kortabarria 2013ko uztailaren 15a

Euskadiko Barne Produktu Gordina % 1,2 txikitu zen iaz, eta Nafarrokoa, % 1,4, Espainiaren batez bestekoaren pare. Ekoizpen-datu positiboak egon diren bi urte eta gero, 2012an atzeraldira bueltatu da euskal ekonomia. Hori da Laboral Kutxak 2012ko euskal ekonomiaren txostenean batzen dituen datu batzuk. Gaur, astelehena, aurkeztu dute txostena.

Atzeraldia 2009koa baino arinagoa da, baina luzeago irauten dabil, hainbat hiruhilekoan jarraian jausi baita euskal BPGa.

Horregatik, lan-merkatuaren portaera "kezkagarria" dela esan dute Laboral Kutxako Xabier Egibarrek, Negozio-garapen zuzendariak, eta Josu Madariagak, Azterketa saileko zuzendariak. "Lanpostuen suntsiketa errealitatea da gure ingurunean, EAEn % 6 jausi baita", esan dute. Nafarroan % 4,2 jausi da, eta Espainian, % 4,5.

Langabezia tasa % 14,9koa izan zen iaz EAEn, 2011n baino hiru puntu gehiago. Nafarroan % 16,2 izan zen, eta Espainian, % 25. Tasa horren "anormaltasunak" agerian uzten du, Laboral Kutxaren esanetan, lan-merkatua "gaizki" funtzionatzen dabilela. Bereziki kezkatuta azaldu da erakundea gazteen langabezia tasekin.

Eskaintzaren aldetik, "ahulezia orokorra" ikusten dute "sektore guztietan, nekazaritzan izan ezik". Eraikuntza % 6,3 murriztu da EAEn, eta % 8,1, Espainian. Nafarroan, gehien murriztu dena industria sektorea da, % 4,2rekin.

Enpresen emaitzek igarri egin dute krisiaren eragina, eta erregistroak negatiboak direla esan du Laboral Kutxak. Azken urteetan jarraitu dituzten euskal enpresa industrial nagusien irabazi/salmenta eta irabazi/fondo propio ratioak - % 0,6 eta - % 1,2 izan ziren, hurrenez hurren, joan den urtean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak