Sormenetik, enpresa aukera berrien bila, 'Ekiten'

Hilaren 9an banatu zituzten Arrasaten Mondragon Unibertsitatearen Ekiten ekintzailetzako programaren enpresa-proiektu lehiaketako sariak. Hiru alorretan egiten da, eta lehian parte hartu duten 165 ikasleen 57 proiektuen artean, epaimahaiarentzat, sailez sail, onenak izan dira: hirian norberak bere otorduak prestatzeko –etxera jatera joan ezin eta– alokatu daitekeen lokal baten proiektua; etxea eraginkortasun handiagoz berotu eta hozteko energia geotermiko instalazioa eskaintzen duen beste bat; eta turistei bideratutako ibilgailu ekologikoen alokairu zerbitzua hirugarren sailean.

Zazpigarren edizioa izan du  lehiaketak aurtengoa, eta saria nori eman erabakitzerakoan ondorengo irizpideak hartu dituzte aintzat: proiektu bideragarriak izatea; lanpostuak eta aberastasuna sortzeko gaitasuna; originaltasuna eta izaera berritzailea; eta lan-taldearen diziplina artekotasuna –Mondragon Unibertsitateko ikasketa desberdinetako ikaslez osatutako taldeak izatea–. 

"Epaimahaiaren lana ez da erraza izan", zioen sariak banatzen hasi aurretik Jon Altuna MU-ko errektore-ordeak, jasotako proiektu kopuruagatik "poza" azalduz. Altunak adierazi zuen lehiaketa "indartuz" doala urterik urte, hasierako helburuekin: "Ikasleengan ekintzailetzaren kultura txertatzea, baita ikasleek euren enpresak sortzea eta negozio berriak abian jartzea ere, ingurunea garatzen laguntzeko".

Babesleei eskerrak 

Ikasleen ahalegina txalotzeaz gain, unibertsitateko errektore-ordeak eskerrak eman zizkien lehiaketako sailak babesten dituzten erakundeei: Enpresa Ideia Berrien Lehiaketa babesten duen Gaztempresari; Landa Ingurunea Garatzeko Ideien eta Proiektuen Lehiaketa –bosgarren edizioa– laguntzen duten Debagoieneko eta Debabarreneko landa-garapenerako agentziei; eta Kimu Berriri, Hiri Adimentsuetarakoko Ideien Lehiaketa –laugarren aldia– babesteagatik. Izan ere, ekarpen garrantzitsua egiten dute sail bakarrarekin sortu zen lehiaketa hirukoa izan dadin orain.

Hiru kategoria, eta hiru proiekturentzat sariak kategoria bakoitzean. Aurten, baina, zazpi saritu baino ez dira izan, bi sari hutsik gelditu dira-eta. Sail bakoitzean lehen saria irabazi duen taldeak 1.000 euro jaso ditu, eta bigarren eta hirugarren sailkatuek, berriz, 500 euro talde bakoitzak. 

Enpresa Ideia Berrien Lehiaketan parte hartu dute 41 taldek, eta sariak izan dira ondorengo ikasleentzat: LEINNeko Miren Lasuen, Katalin Madariaga eta Unai Bergararentzat, lehenengoa; Goi Eskola Politeknikoko Igor Ramos, Mitxel Uriarte, Aitor Uriarte eta Unai Zabalarentzat, bigarrena; eta LEINNeko ikasle Agustin Otegik eta Iñigo Subizak eta Lander Arrieta Diseinu Grafikoko ikasleak osatutako taldearentzat, hirugarrena.

Landa Ingurunea Garatzeko Ideien eta Proiektuen Lehiaketan sei talde baino ez ziren aurkeztu, eta bigarren saria bakarrik ematea erabaki zuen epaimahaiak; Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza Graduko Lander Ugarte, Xabier Gabilondo eta Andoni Badiolarentzat izan da sari hori.

Azkenik, Hiri Adimentsuetarako Ideien Lehiaketan aurkeztu ziren hamar talde, eta sariak jaso dituztenak: Ibai Añorga, Janire Arribalzaga, Jokin Intxausti eta Mireia Ortigosa, Goi Eskola Politeknikoko ikasleek, lehenengoa; fakultate bereko beste lau ikaslek, Alex Gutierrezek, Leire Mendikutek, Maria Vivarrek eta Ignacio Caballerok, bigarrena; eta Jokin Otaegik –Goi Eskola Politeknikoko ikaslea hau ere– hirugarrena.

Ideiak paperean daude, beraz; sariak, banatuta. Ekintzailetasunerako harra gazteengan txertatzea lortuko zuen, kasu batzuetan behintzat, lehiaketak; eta ea, lehenago edo beranduago, gazteon buruetatik sortutako ideiok –edo horietatik eratorritako beste planteamenduren batzuk– gauzatzeko modurik dagoen era errealean. "Baloratzen duguna da ez ideia hutsean geratzea; zorrotz eskatzen dugu demostratzea enpresa ideia hori bideragarria dela eta sortu dezakeela aberastasuna, lanpostu modura edo maila ekonomikoan", zioen Ekiten sarien banaketa amaitzean Jon Altuna errektore-ordeak.

-----------------

Sarituak

Enpresa Ideia Berriak

 1. saria: Cooking Points. Hiri handietan alokatzeko espazio bat, nork-bere jatekoa prestatzeko, horretarako beharrezko guztiarekin: sukaldea, otorduak prestatzeko eta jateko beharrezko tresna guztiekin, eta elikagaiak bertan erosteko aukerarekin, nahi bada. 

 2. saria: Ibilgailu elektrikoak kargatzeko azpiegiturak instalatu eta mantentzeko zerbitzu integrala. Azpiegitura elektrikoen kudeaketari loturiko negozioa.

 3. saria: LäSteps. Graffiti eraikitzaileak sustatuz, etorkizuneko belaunaldiak hezteko zerbitzua.

----------

Landa Ingurunea Garatzeko Ideiak eta Proiektuak

 1. saria: Hutsik.

 2. saria: Geo-Life. Etxea eraginkortasun handiagoz berotu eta hozteko energia geotermiko instalazioa eskaintzen duen proiektua.

 3. saria: Hutsik.

----------

Hiri Adimentsuen Alorreko Ideiak

 1. saria: Smart Mobility. Bizikleta elektrikoak alokatzeko zerbitzua.

 2. saria: Hiri-hondakinak trinkotzeko sistema. Etxeko hondakinen bolumena txikitzeko produktu edo zerbitzua, hondakinak errazago birziklatu eta kopurua murrizteko.

 3. saria: PRT (Personal Rapid Transit). Ordenagailu zentral batek gidatuta, errepide-sare berezi batetik ibiliko diren ibilgailu txiki automatikoen bidezko garraiobidea.

-----------------

Agurtzane Etxaniz (Debemen): "Saritutakoek asko landu dute proiektua"

Debabarreneko landa-garapenerako agentzia da –Debagoienekoarekin batera– lehiaketako sailetako bat babesten duena.

Zer iruditu zaizue aurtengo edizioa, aurkeztutako proiektu kopuruari eta hauen mailari dagokionez, zuen sailean? Kopuruz, nahikoa txikia: sei proiektu aurkeztu dira bakarrik. Baina ez da aurtengo kontua soilik, normal samarra da hau gertatzea. Saiatzen gara jendeak ikusi dezan landa inguruneak ere eskaini ditzakeela hiriguneek eskaini ditzaketen aukerak. Baina ematen du ez dugula oraindik helburua lortu, eta oso proiektu gutxi aurkezten dituzte gazteek. Mailari dagokionez, ez da oso handia izan, egia esan. Horregatik ez dugu lehen saria eman. Saritutako proiektua, Geo-Life, iruditu zaigu denetan onena. Asko landu dute proiektua, nahiz eta egia den landa inguruaren kutsu hori ez diotela gehiegi eman; baina iruditu zaigu landa-eremuan garatzeko moduko proiektu dela, landa-gunea delako toki egokiena energia edo beroa sortzeko lurraren beraren berotasunarekin.  

Kosta egiten al da ba, oraindik, berrikuntza eta ekintzailetasuna moduko kontzeptuak lehenengo sektorearekin lotzea? Sari honetan nahi ditugun proiektuak dira landa inguruneko bizilagunen bizi-kalitatea hobetzera bideratuta daudenak, ez bakarrik lehen sektorearekin lotutakoak. Guk uste dugu hortxe dagoela gakoa: landa-eremua lehen sektorearekin bakarrik lotzen du jende askok. Baina landa-eremua askoz gehiago da, bizilagunek behar batzuk dituzte, zerbitzu premia; eta hori da azken batean, landa ingurunearen garapena ez da bakarrik lehen sektorearen garapena, baizik eta bizi-kalitatea hobetzea ere bai, eta aktibitate berriak sortzea. Nekazaritza edo abeltzaintzaz gain, beste hainbat aktibitate ere garatu daitezke, gizarte zerbitzuen alorrekoak, kulturakoak edo kirol arlokoak. Hirigunerako pentsatzen diren hainbat eta hainbat proiektu landa-guneetarako ere pentsatu daitezke, batez ere zerbitzuekin zerikusia duten proiektuak.  

Aurkeztu izan diren proiektuen adibiderik emango? Duela hiru urte aurkeztu zuten proiektu bat energia sortzeko ganaduen  purinek eragiten dituzten gasekin, ukuilu edo baserri baten beharrak, hein baten, hortik sortutako energiarekin asetzeko. Beste proiektu bat izan zen kontsumitzaile eta ekoizleen arteko harremanak estutzea helburu zuena, baserriko produktuen banaketa takila batzuen bitartez egitea planteatuz.

Eta proiektu hauetakoren bat bihurtu al da errealitate? Hain justu ere, aurretik aipatutako bi proiektu horiek beka lortu zuten. Lehenengoarekin oso azterketa garrantzitsua egin zen, eta ondorioztatu zen ustiapenek oso handiak izan behar zutela, hondakin asko behar zela, nahikoa gas sortzeko eta energia lortzeko. Beraz, ondorioztatu da planta horien bideragarritasuna oso zaila dela. Une honetan, hemen, Gipuzkoan, ez daude tamaina horretako esne-behi ustiapenak; halakoetara zuzenduta zegoen azterketa. Takilen kasuan, jarri zen proiektu pilotu bat, eta horren bigarren fasea da takila horiek hozte sistemadunak izatea. Eta orain ari gara hori lantzen, nahiz eta ez saria irabazi zuen taldearekin, beste enpresa batekin baizik. Baina ideia hemendik sortutakoa izan zen.    

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.