Oraingo soldata-baldintzei eutsiko diela esan du Kristau Eskolak

Leire Kortabarria 2013ko uzt. 12a, 12:04

Kristau Eskolak argi utzi die langileei Eusko Jaurlaritzaren finantzaketaren araberako soldatei eutsiko diela. Halaxe esan zuen, sindikatuek esan ondoren ikastetxe itunduetako 8.000 langile inguruk urtean 12.000 euro gutxiago kobratuko zutela, zentroei Estatuko hitzarmena aplikatuko ei zitzaielako.

Kristau Eskolak ezohiko batzarrean, Barakaldoko BECen eman zien langileei bere irizpideen berri. Ezohiko batzarraren ondoren, ikastetxeetako zuzendaritza eta titularitate taldeekin bilera egin zuen, EAEko Gizarte Ekimeneko Ikastetxeen Hitzarmen Kolektiboaren indarraldia amaitu ondoren geratzen den egoerari nola aurre egin komunikatzeko.

Kristau Eskolak langileei esan dienez, ez du "egoera baliatu nahi Estatuko hitzarmenaren baldintzak indarrean jartzeko", eta Eusko Jaurlaritzaren finantzaketaren araberako soldata baldintzei eusteko irizpidea eman zuen, "horixe delakoan iraunkortasuna bermatzeko modu bakarra". Estatuko hitzarmena baino hobea den Gizarte Ekimeneko Hitzarmenean bildutako zenbait baldintzari eusteko erabakia ere adierazi zien Kristau Eskolak langileei.

Sindikatuekin murrizketek sortutako diferentzien inguruan adostutako akordio partzialaren inguruan ere argibideak eman zituen erakundeak, 2012ko abenduak 31a arte pilatutako atzerapenak langileek nola jasoko dituzten azalduz. Akordio honen ondorioz ikastetxe askok bere ekonomia egoera larritu dutela ere azpimarratu zuen.

Hitzarmen egonkorraren aldeko borondatea

Kristau Eskolak "lan hitzarmeneko mahaian hitzarmen egonkor bat bilatzeko proposamena" egin duela azaldu zien langileei, itun modulua eta ordainsariak lotuta; "azken batean, itundutako hezkuntza arautzen duten gainerako estatuko hitzarmenek egin duten bezalaxe". Aldi berean, Kristau Eskolak instituzioekin maila politikoan lan egiten jarraituko duela nabarmendu zuen, "nahikoa ez den finantzaketa baldintzak hobetu ahal izateko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak