Horretarako gaitasuna duen teknikari batek –ingeniaria edo arkitektoa– egin behar du ziurtagiria, Industria Ministerioak bere webgunean doan ematen dituen CE3 edo CE3X programekin. Teknikari horiek egiten duten txostena da Energia Ziurtagiria. Energiaren Euskal Erakundeak hortik aurrera eman beharreko pausoak zehazten ditu: Eusko Jaurlaritzak horretarako sortuko duen erregistro publiko eta doakoan erregistratu beharko da, modu telematikoan, eta teknikariak egingo du hori. Erregistroak, trukean, Energia-Etiketa emango dio, eta hor bi datu garrantzitsu agertuko dira: erregistro-zenbakia eta bi adierazle nagusiak –lehen mailako zenbat energia kontsumitzen duen eta zenbat CO2 botatzen duen–, adierazle bakoitza etxebizitza edo lokal horren nota edo kalifikazioarekin.
Hasieran behintzat, eraiki berri diren etxebizitzen edo lokalen erregistroa bakarrik egongo da, eta gerora, etxebizitza edo lokal guztietarako erregistro bakarra.
Iragarkietan, zenbakia ipini
Etxebizitzaren edo lokalaren jabeak bi gauza jasoko ditu: txostena eta etiketa.
Etxebizitza edo lokala erosi edo alokatu gura dutenei etiketa eman behar zaie, eta etxe-agentzietan, Interneten edo komunikabideetan ipintzen diren iragarkietan erregistro-zenbakia eta etiketan agertzen diren bi kalifikazioak edo notak eman behar dira.
Higiezina saldu edo errentan ematen deneko kontratuan ere dokumentazio hori derrigorrez eman beharreko zerbait izango da, notarioaren aurrean eta jabego-erregistroan.
Etxebizitza berrien erregistroa gertu dago
Euskadin, eraiki berri dituzten etxebizitzen eta lokalen energia ziurtagirien erregistroa dagoeneko martxan da, eta Eusko Jaurlaritzako Industria Sailaren webgunean zehazten da hori erabiltzeko zer egin behar den.
Orain falta da etxebizitza eta lokal zaharragoen ziurtagirien erregistroa martxan jartzea. Bien bitartean, halako eraikinen baten salerosketa edo errenta-kontratua egin behar bada, eskriturak egiterakoan txostena eroan behar da, notarioak idatz dezan.