Barnealdeko Gatzagen Topaketak eta Gatzaren Eguna, gurean

Ubane Madera 2013ko uzt. 10a, 17:29

Leintz Gatzaga eta Debagoieneko herri txikienari izena ematen dion bertako gatzaga bera protagonista izango dira uztailaren 19an eta 20an. Izan ere, lehen aldiz Gatzagen Topaketak egingo dituzte (egubakoitzean); eta ekimen horren bueltan, Gatzaren Eguna antolatu dute (zapatuan). Gaur eman dute bi hitzorduon berri Leintz Gatzagako Udaletxeko osoko bilkuren aretoan.

Gatzagen Topaketetan, barnealdeko hainbat gatzagetako ordezkariek gatzagekin lotuta euren udalerrietan duten esperientzien berri emango dute. Gatzaren Eguna, berriz, bideratuko dute gatza oinarri duten ekimenak egitera, herritar eta bisitariei begira.

Gatzaga gehiago aprobetxatu guran

Antolatzaileek azaldutakoaren arabera, aspalditik datorren ekimena da hauxe, Leintz Gatzagako gatzagaren aprobetxamendua handitzearekin zerikusia duena. Eta hori zela egin jakiteko inguruko eta urrunagoko esperientzia ezagutu gura dituzte.

Europan, zer

Hala, egubakoitzeko topaketak hasteko, Europako gatzagetan eta gatz museoetan lantzen dituzten proiektuen berri emango dute; gero, gertuagoko esperientziak partekatuko dituzte, Barnealdeko Gatzagen Elkarteko ordezkarien bitartez.

Inguruan, zeintzuk

Izen batzuk aipatzearren, Añanako Gatz Haraneko Fundazioko, Pozako Gatzagetako, eta Nafarroako Oroko edo Arteakoa ponenteak izango dira Leintz Gatzagan hurrengo egubakoitzean. Bakoitzak bere esperientziaren berri eman ostean, mahai-inguru batekin borobilduko dute goiza: Barnealdeko gatzagen erabilera turistikoaren eragina, herrien garapen sozioekonomikoan. Eta jakina, hori egin gura dute Leintz Gatzagara begira.

Arratsaldean, berriz, Leintz Gatzagaren txanda izango da eta bertako gatzen erakusketa egin, eta bertako proiektuaren azalpena emango dute.

Gatzaren Eguna

Eta esandako moduan, hurrengo egunean Gatzaren Eguna ospatuko dute, goizean hasi eta iluntzera bitartean. Bestelakoen artean, iragarri dute Gatz Museoa eta Jakion ezagutzeko bisita gidatuak izango direla, gatz dastatzea, haurrendako jarduerak eta musika ere bai, eta Oñatiko Txokolateixiaren eta Gatzagako Sorginak Emakume Elkartearen laguntzarekin, txokolate gazizko bonboiak, piruletak eta taloak egiteko tailerrak izango direla.

Jardunaldi Gastronomikoen baitan

Gatzaren bueltan antolatutako ekimen bi hauek Debagoieneko Jardunaldi Gastronomikoen barruan antolatu dituzte. Debagoieneko Mankomunitatearen, Debagoieneko Landa Garapeneko Elkartearen, eta jakina, Gatzagako Udalaren elkarlanaren emaitza dira. Hain justu, aipatutako erakunde horietako ordezkariak izan dira ekimena aurkezten Leintz Gatzagako Udaletxeko osoko bilkuren aretoan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak