Zalantzekin eta arazo barik hasi da ordainketa partekatua

Joan den astelehena ezkero samur tokatuko zitzaion edozeini, farmazia baten sartu orduko, ordainketa partekatuaren (kopagoaren) gainean berba egiten entzutea bertan. Izan ere, galdera eta zalantza piloa dituzte oraindik herritarrek, erabiltzaile guztiei eragiten dien arau berriaren aurrean. Jakinekoa da botikengatik gehiago ordaindu behar dela aurrerantzean, eta jende-multzo batzuek, pentsiodunek, lehenengo aldiz ordaindu behar izango dituztela botikak.

Baina sistema berriak zirrikitu asko ditu: pentsiodun guztiek ordaindu behar dute? Eta langabeek? Dirua aurreratu egin beharko dut? Konpentsaziorik izango dut gaixotasun kronikoren bat baldin badaukat? Nire datuen pribatutasuna errespetatzen ote da sistema berriarekin? Zer egin behar dut Euskaditik kanpoko farmazia baten erosten badut? Horiek dira ohiko zalantza batzuk.

Ordainketa partekatu sistemak zenbait errenta-tramu ezartzen ditu (2011ko errenta hartzen da oinarri gisa) eta norberak bere errentaren arabera ordaindu behar du botika, gehiago edo gutxiago. Euskadiko sistemak baditu berezitasun batzuk eta ez da Nafarroan edo Espainiako erkidegoetan inplantatu den sistema berbera. Abantaila handi bat du: erabiltzaileek ez dutela dirua aurreratu behar. Pentsiodunek hilero ordaindu behar duten gehieneko diru-kopuru bat dute ezarrita, eta muga hori jotzen duten momentuan, sistemak ohartarazi egiten du. Beste erkidego batzuetan ere badaukate muga hori, baina farmazialariek ez dute jakiten noiz gainditu den; beraz, baliteke erabiltzaileak behar baino diru gehiago ordaindu behar izatea, nahiz eta gero administrazioak bueltatu egiten dion.

Txartela, derrigorrezkoa 

Galderak bai, baina arazo oso gutxi ikusi dituzte Debagoieneko farmazialariek kopagoaren lehenengo egunetan: "Galdera asko egin dizkigute. Batzuek protesta ere egin dute; beste batzuk ez zeuden konforme sistemak ezarri dien errenta-mailarekin eta maila txikiagoa dutela esan digute", esan digu Arrasaten farmazialaria den Cristina Sanchezek. 

Debagoieneko herri gehienetan, oraindik ez dago errezeta elektronikoa, eta jendea ez dago osasun txartela erabiltzen ohituta. Aurrerantzean, derrigorrez osasun txartelarekin joan beharko da norbera botikak erostera, txartel hori da-eta sistema informatizatu berria irekitzeko giltza. 

Oñatin, Amaia Igartua botikariak dioen moduan, desberdina da: "Oñatin, abantaila handia daukagu: iraila ezkero gabiltza errezeta elektronikoarekin, eta dena txartel bidez egiten da". Horri esker, "dena erosoagoa eta arinagoa da".

Ez da dirurik aurreratuko 

Gipuzkoako Farmazialarien Kolegioak sei hilabeteko aurrea hartu zion araua aplikatzen hasteko egunari, eta etxeko lanak eginda harrapatu ditu arau berriak Gipuzkoako farmaziak. Horregatik, "teknikoki, oso ondo" joan dira lehenengo egunak, Gipuzkoako Farmazialarien Kolegioko presidenteak, Angel Garaik dioen moduan: "Arazo tekniko txiki batzuk egon dira, baina gauza gutxi; oso pozik gaude nola joan diren gauzak", esan digu.

Angel Garaik gogoz defenditu zuen erabiltzaileek dirua aurreratu beharrik ez izatea, eta azkenean halaxe izan da: "Beste leku batzuetan, sei hilabetean administrazioak bueltatu egiten dio dirua erabiltzaileari, bere mugatik gainean ordaindu badu. Hemen ez da hori egingo. Hileko muga hori 8,14 eurokoa baldin bada, hori izango da gehien ordainduko duena; eta horrela izango da, hilero. Nik uste dut hori abantaila handia dela".

Hori horrela izan dadin, sistema informatiko bateratua ipini dute Gipuzkoako farmaziek. Osakidetzarekin konektatuta daude Internetez, banda zabalez. Inbertsioa izan da, beraz, Gipuzkoako farmaziendako: "Konektatuta egoteak hilero diru bat suposatzen du eta ia 100 euro izango da farmazia bakoitzarendako. Aparte, batzuek ordenagailuz aldatu behar izan dute, eta programa ere bai", esaten du Garaik. Beraz, kopagoak mota askotako eragin ekonomikoa izan du.

Kontsumo arduratsua 

Eragin ekonomiko hori konpentsatzeko, medikamentu gutxiago erosiko ditu jendeak, eta horretan bat datoz galdetutako farmazialari guztiak. Gipuzkoako farmazialarien presidenteak dioenez, "beste leku batzuetan bezala, hemen ere horixe gertatuko da, hori garbi dago". Arrazoi "asko egon daitezke", Garairen arabera, baina "arrazoietako bat, beharbada, orain arte medikamentuak arduraz ez erabili izana, edo abusatu izana da". Aurrerantzean, beste muturrera joateko arriskua dagoela uste dute botikariek. "Kezkagarria da hori osasun aldetik", dio Angel Garaik. Izan ere, kopagoarekin ipini diren ordainketa-kuotak, "segun eta zeinendako, diru asko" suposatzen dute hilabetearen buruan.

Cristina Sanchez farmazialariaren iritziz, dena dela, ordainketa partekatuarekin indarrean sartu den murrizketa ez da gauza berria: "Botikak lehendik ere garestitu egin dituzte, hainbat botika Gizarte Segurantzak finantzatzen dituen botiken zerrendatik atera zituztenean. Adibidez, katarrorako jarabeak, idorrerirako botikak… horrelako guztiak zerrenda horretatik kanpo zeuden". Horregatik, Sanchezek ikusi duenaren arabera, ordainketa partekatua martxan jarri aurretik ere "jendea bazebilen botika gutxiago erosten". 

Aurrerantzean, joera hori indartu egingo dela uste dute botikariek. Oñatiko Amaia Igartuaren iritziz, "orain, burua gehiago erabiliko dugu botikak erosteko orduan. Zerbait doan denean, badakigu zer gertatzen den; behar edo ez behar, botika etxera eroaten genuen, nahiz eta etxean dagoeneko botika hori eduki. Aurrerantzean, ordaindu behar izateak frenatu egingo du hori. Orain, beste era bateko kontsumoa egingo da, eta benetan beharra dagoenean bakarrik erosiko dira botikak". 

"Ez da neurri fina" 

Gipuzkoako kolegioko presidentearen iritziz, hori gertatzea ona bada ere, ez da hain ona kopagoaren bidez gertatu izatea: "Medikamentua beharrezkoa izan arren ez erabiltzea kezkagarria da. Lehen, beharbada, ardura falta handiagoa zegoen eta hori mugatu egingo du neurri honek, baina neurri ekonomikoa da, eta ez da fina. Neurri fina hau da: osasun aldetik tresnak jartzea, biztanle guztiek medikamentuak arduraz erabil ditzaten; medikuak esan duen neurrian hartzea, ez gehiago, ez gutxiago". 

Garairen iritziz, errezeta elektronikoaren bitartez neurtu beharko litzateke paziente bakoitzak zer eta zenbat hartzen duen. Debagoienean, Oñatin inplantatu zen beste edozein lekutan baino lehenago, eta orain, errezeta elektronikoa oso martxa onean zabaltzen dabil Gipuzkoa osoan. Angel Garaik espero du uda eta gero zabalduko dela Debagoien osora ere.

-----------------

Ordainketa partekatua, begirada baten

Zenbat ordaindu behar du norberak? Oso pertsona gutxik ez dute ezer ordaindu behar izango. Aportazio murriztua duten pentsiodunek prezioaren % 10 ordaindu beharko dute; 18.000 euro azpiko diru-sarrerak dituzten pentsiodunek, hilean 8,14 euro, gehienez; 18.000 eta 1000.000 euro arteko diru-sarrerak dituztenek, 18,32 eurora arte, hilero; 18.000 euro arteko diru-sarrerak dituzten aktiboek, prezioaren % 40; 18.000 eta 100.000 euro arteko diru-sarreradun aktiboek, % 50; 100.000 eurotik gorako errentak dituzten aktiboek, % 60; eta 100.000 eurotik gorako errentak dituzten pentsiodunek ere, % 60, baina hileko 61,08 euroko mugarekin. 

Hileko muga jo dudanean, zer? Sistemak ohartarazi egiten dio farmazialariari, eta aurrerantzean, hilabete horretan, erabiltzaile horrek ez du ezer ordaindu beharko.

Langabeek ordaindu egin behar dute? Bai, langabezia-prestaziorik ez badute.

Ze produktu sartzen dira kopagoan? Gizarte Segurantzak finantzatzen dituen medikamentuak, Lehen Arretan errezetatutakoak badira. Beste botikak orain arte bezala ordainduko dira, osorik. 

Errezeta guztiak sartzen dira? Ez; laneko gaixotasun edo laneko istripu baten ondorioz errezetatutako botikak salbuespena dira. Bestalde, ospitalean bertan ematen diren botikak ere salbuetsita daude.

-----------------

Angel Garai (kolegioko presidentea): "Sistema berriarekin, oso zaila izango da pikarokeriekin ibiltzea"

Ze galdetu dizue jende gehienak?

Ohikoena izan da norberak zenbat ordaindu behar duen galdetzea, Gero, ea zergatik ordaindu behar duen; langabea izanda ordaindu behar ote duten… Aurreikuspen informatiboak eginda geneuzkan. 

Euskaditik kanpo erosten duenak zer egin behar du? Errezeta eta osasun txartela eroan behar ditu, han ordaindu eta ordainketa-ziurtagiria  eskatu. Gero, bere osasun zentroan eskatu behar du diru hori kontuan har diezaioten bere hileko mugarako.

Jakinekoa da erretiratuak eurendako ez ziren botikak hartzera bidaltzen zituztela hainbatek, eta antzeko pikarokeriak. Hori bukatu egingo da, dena oso indibidualizatuta dago-eta. Oso zail ikusten dut horrelako gauzak egitea.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.