Loli Astoreka: "Ahoa irekitzen dudanean identifikatzen naute"

Txomin Madina Milikua 2013ko uzt. 11a, 02:00

'El caserio' zarzuelaren ostean, bi antzezlanekin ikusiko dugu laster, 'Hiru'-n eta Las Txirenitas taldearen 'Volando voy'-n; baita zineman ere, 'Amaren besoetan' pelikulan.

1. Azken lana ez duzu nolanahikoa izan: El caserio zarzuela, Ainhoa Artetarekin...

Plazerra izan da. Sarrera denak saldu dira: sei emanaldi Arriaga beteta. Oso gustura egon naiz paperarekin eta lankideak zoragarriak izan dira. Ainhoak liluratuta utzi nau, oso maitagarria da.

2. Genero moduan, zer nolakoa iruditzen zaizu zarzuela? 

Pila bat gustatzen zait, abestu eta antzeztu ikuskizun berean egitea... Beste lan bide bat da, eta gustura aurkitzen naiz. Honetan gainera etxean lan egin dut; zer gehiago eska dezaket? Hilabete honetan loteria tokatu zait.

3. Hurrengoa Hiru duzu, ama izan nahi duten lagun batzuen inguruko komedia.

Hori ikasten harrapatu nauzu, berehala hasten gara-eta. Miren Gojenola, Zuhaitz Gurrutxaga eta Ana Elordirekin nago obran eta ezin dizut larregi aurreratu, baina casting-a ondo dago. Ilusioarekin eta emozioarekin nago.

4. Eta ikasterako orduan, nola egiten diozu aurre paper bati?

Errepikatu eta errepikatu nabil bakarrik berbetan... Bizilagunek esango dute zoratu naizela! Nahiko memoria fotografikoa dut. 

5. Zeuri zerk eragiten dizu barrea?

Gauza askok! Saiatzen naiz behintzat gauza askorekin pozten, bizitza alaitasunarekin bizitzen.

6. Fama itzela, Goenkale-ko Begoña sufrituak eman zizun.

Euskal Herri mailan Goenkale-ri esker naiz aurpegi ezaguna. Aurpegia baino, ahotsa: ahoa irekitzen dudanean identifikatzen naute. Begoñari asko zor diot, nire ibilbidean pertsonaia gakoa da.

7.. Egun ez dira asko ETB-n egiten diren telesailak...

Momentu txarrean gaude, baina ETB behartu behar dugu gauza berriak egitera; ezin dugu bizi egin izan ditugun lanetatik. Diru faltagatik edozerk balio duela dirudi.

8. Ia 40 urte aktore lanetan. Zein da sekretua?

Osasuna eta lana izatea, eta lan batek beste bat ekartzea. Orain arte horrela izan da, eta espero dut horrela segitzea. Baina batez ere gustuko lana egiten ari naizela, eta pribilegiatua sentitzen naizela.

9. Eta garaiak onak ez direnean, nola egin aurrera?

Ni ikasten hasi naiz ez zoratzeko eta burua entretenituta egoteko, memoria ez galtzeko. Hurrengo helburua da EGA lortzea. Batzuetan gainera, telefonoak jotzeari zain egon barik, gauzak sortu egin behar dira. Kontua da mugitzea.

10. Zornotzarra izan arren, bilbotartzat izango zaituzte askok.

Urteak daroatzat Bilbon; beti izan da eskuzabala nirekin: pregoilaria izan naiz, Marijaia, Zarambolas... Baina ni beti izango naiz Zornotzako Bernagoti auzokoa.

-----------------

Makila magikoa baneuka: "Momentu honetan jendearendako lana sortuko nuke: hau konpondu beharra dago, eta garrantzitsua da gizaki moduan lana eta etxea izatea. Niretzat, lana aukeratzeko aukera eskatuko nuke. Hori luxu bat izango litzateke, baina amesteak ez duenez ezer kostatzen..."

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak