Aire libreko denboraldiari nahi besteko zukua atera ezinka zebilen Malen Ruiz de Azua, eta asteburuan Castellón egindako txapelketan kolpe bakarrean zuzendu du bidea. Izan ere, Jonathan Perezen ikasleak pista estalian negu aparta izan duen arren aire librean zailtasunekin zebilen. Baina, ohiko maila ona erakutsita, Super Amara BAT taldeko atletak urrea jantzi du, beste behin, Espainiako Txapelketa batean. Oraingoan junior mailan izan da, Clara Amat gaindituta (3,80). Eta urrezko domina horrek saria du, uztailaren 18tik 21era bitartean Italian (Rieti) egingo duten Europako Txapelketarako ateak ireki dizkiolako.
Errekor berria, Istar Dapenarendako
Malen Ruiz de Azuarekin batera, Istar Dapena ere albiste izan da asteburuan. 1992an Javier Palomerok 4,51 metroko saltoa egin zuen, eta ordutik hona marka hori izan da gazte mailako errekorraren muga ezarri duena. Zapatuan, baina, Durangon egindako ahaleginean Arrasateko atletak zentimetro batean gainditu zuen marka hori, eta 4,52ko marka ezarri du. Ea beste 21 urtez irauten duen.