Arrasate 'busti' da esklerosi anizkoitza dutenen alde

Leire Kortabarria 2013ko uzt. 7a, 23:00

Arrasaten polito joan da Busti Zaitez kanpaina, esklerosi anizkoitza dutenen alde Gipuzkoako eta Euskadiko arlo horretako elkarteek egiten dutena. Domeka goizean, Musakolako igerilekuetan kaltetuen alde igeri egin zezaketen hala gura zutenek; egindako distantzia apuntatu eta kiroldegi kanpoan zeuden arduradunei esan besterik ez zuten. Material salmenta ere egin dute eta Imelda Iturbe arduradunak esan digu jendeak ondo erantzun duela.

Elastikoak eta bestelako materiala saltzen ibili dira zenbait boluntario. Imelda Iturbek esan digu "laguntasun handia" dela boluntarioak ondoan izatea. Toki Argi elkarteko kideak ibili dira lan horretan. Arrasateko Udalak eta Aukeak ere lagundu dute. Diru-bilketa ere egin dute goizean zehar boluntarioek Arrasateko kaleetatik eta Musakola kiroldegi kanpoan bertan.

Busti Zaitez da Hego Euskal Herrian esklerosi anizkoitza dutenen alde egiten den sentsibilizazio eta laguntza kanpaina garrantzitsuena, eta Arrasaten 11. urtez egin dute. Gipuzkoako ADEMGI elkarteak eta Euskadiko elkarteak eroaten dute aurrera, tokian tokiko boluntarioekin.

Datorren domekan, hilak 14, Oñatin egingo dute Busti Zaitez kanpaina. Foruen Plazan ipiniko dute informazio eta salmenta postua.

Bestalde, aste bukaera berean, esklerosi anizkoitzaren aldeko saskibaloi torneoa izango da Aretxabaletan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak