Belcebluesen Ameriketako ametsa zaleekin partekatzeko DVDa, kalean

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2013ko uzt. 5a, 14:00

Bergarako Belceblues taldeak munduko blues lehiaketan bizi izandakoak batu ditu Road To Memphis dokumentalean. Gaur, egubakoitza, aurkeztuko dute  Espoloiko agertokian 22:00etan, Berumuga jaialdiaren estreinaldian. Pantaila handian erakutsiko duten ikus-entzunezkoaren emanaldiaren ostean, ordubete inguruko kontzertua egingo dute gero, 23:00etan hasita; besteak beste, lehiaketarako espresuki egindako eta Euskal Herrian sekula erakutsitako Memphis kantua batuko dute errepertorioan.

Dokumentalaren helburua han bizi izandakoak azaltzea eta zaleekin partekatzea da. "Amets bat bizi izan dugu, taldeak goia jo du aurten, ez bakarrik mundu mailako blues lehiaketan final aurrekoetara heltzea lortu genuelako, baizik eta, bereziki, Memphisen, bluesaren jaioterrian guk egindako musika erakusteko aukera izan genuelako" kontatu du Oihan Vegak, taldeko kideak.

Bost ataletan banatuta

Bost ataletan banatu dute 53 minutuko iraupena duen auto ekoiztutako dokumentala, Memphisen egin zuten egun bakoitzari kapitulu bana emanda. Lehiaketako bizipenak kontatu dituzte hasteko: lehiatu aurretiko urduritasun uneak, lehiaketa barrukoak eta baita lehiaketaren ingurukoak ere, besteak beste, hango zaleekin izandako hartu-emanak eta horiengatik jasotako iritziak ere. "Txundituta, zoriontzera hurbildu zitzaizkigun asko, 'you´ve got it! (arima genuela)' esanaz; sekula bota didaten lorerik onena da hori! Harrituta zeuden azal zuriko musikarien ahotik eta euskaraz, sekula entzun barik zuten hizkuntza batetan, bluesa entzutean" dio Vegak.

Lehiaketako kontuez gainera, Memphis bluesaren jaioterria dela aprobetxatuta, bluesaren jatorriaz eta historiaz ere jarduten dute ikus-entzunezkoan eta bidaia honetan bisitatutako lekuak erakutsiz egiten dute kontakizun hori. Hori horrela, besteak beste, bluesaren eta soularen museoetan sartuko gaituzte eta baita Elvis Presleyren etxera eramango ere. "Bidaia intentsua eta azkarra izan zen eta horren erakusle da DVDa ere. Ez genuen ezkonberrien moduko bidaia kontaketa egin gura", diote.

Donostiara eta Burlatara orain

Belceblueskoak gustura daude aurtengo lorpenekin eta zaila ikusten dute aurtengoa gainditzea. Bergararrek diote bidai horrek eta han izandakoaren oihartzunak, musikaren Txapeldunen Ligan kokatu dutela taldea. Memphisera joan ziren Hondarribiko lehiaketa irabazita eta ameriketakoak ere izan du bergarakoen agendatan eragina: Burlatako Blues jaialdi entzutetsuan eta Donostiako Jazzaldian izango direla kontatu dute: “Uztailaren 28an, Kursaaleko terrazan izango gara, Jamie Cullum eta Diana Krall handien egun berean. Ez dugu elkarrekin joko baina sekulako ilusioa egiten digu, besteak beste, akaso, kamerinoa partekatu ahal izateak”.

Hirukoa, laukote bihurtuta

2005an sortu zuten Oihan Vegak, Asier Elortzak eta Ibon Larrañagak Belceblues taldea eta bi disko dituzte kalean. Aurten, Bergaran bizi den Gille Sanz madrildarra satu da taldean.

Espoloitik telebistara

Gaur Espoloian aurkeztu ondoren, telebistetan erakutsiko dute gero. Belcebluesekoek Goiena telebistan erakutsi nahi izan dute lehenengo, komunikazio taldetik jasotako laguntza eta material lagapena eskertzeko nahairekin.  Uztailaren 19an, 22:30etan emitituko dute, bada, eta EITB3 katera eramango dute gero. Road to Memphis DVDa eskuratu gura duenak, berriz, Belcebluesen kontzertuetan izango du horretarako bidea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak