Herrirak ‘Herritarren epaia’ ekimen ibiltaria abiarazi du, 197/2006 doktrinari amaiera emateko

Goiatz Arana Begiristain 2013ko uzt. 4a, 18:08

80 hiri eta herritan egingo da, Aramaio, Arrasate, Oñati eta Bergaran tartean, eta Iruñean izango du bukaera, irailaren 14an. "Gehiengo sozial, politiko eta sindikala 197/2006 doktrina indargabetzearen alde dago, eta eremu juridikoan ere geroz eta zabalduago dago neurri honekiko aurkakotasuna", azaldu dute Herriratik. Espetxe politika horrekin bukatzeko jarri dute abian 'Herritarron epaia' izeneko iniziatiba.

Joan zen martxoaren 20an, Europako Giza Eskubideen Auzitegiko Areto Nagusiak ahozko epaiketa egin zuen Ines del Rioren kasua berriz aztertzeko. Tafallako preso bat da del Rio, 2007rako libre utzi behar zutena. Baina sei urte geroago kartzelan jarraitzen du, 197/2006  doktrina aplikatu diotelako. Gaur egun, 70 euskal preso daude egoera horretan.

Lehendik, 2012ko uztailaren 10ean, Estrasburgoko Auzitegiak emanda zeukan Ines del Rio aske uzteko agindua, 197/2006 doktrinaren aplikazioak Giza Eskubideen Europako Konbentzioa urratzen duela iritzita, baina Espainiako Estatuak ebazpena ez onartzearekin batera errekurtsoa jarri zuen. Hilabete gutxi barru kaleratuko da behin betiko epaia eta epai erabakigarria izango da, Herriratik adierazi dutenez: "Eragina izango du ez soilik Inesen egoerari dagokionez, baita zigorra beteta espetxean jarraitzen duten beste pertsona guztiengan ere".

Herriraren aburuz, baina, epaia emanda dago: "Aspektu juridikoan, Estrasburgon 2012ko uztailean aho batez emandakoa; eta eremu sozialean, euskal gizartearena, behin eta berriz eskatu baitu giza eskubideen errespetua eta salbuespen neurrien bukaera".

"Gizartearen borondatearen testigantza"

Horiek horrela, Herriratik adierazi dute ez daudela prest esperoan gelditzeko eta Herritarron epaia izeneko iniziatiba aurkeztu dute: datozen hilabeteetan Euskal Herriko dozenaka hiri, herri eta auzo zeharkatuko dituen ekimen ibiltaria. "Epai handi hau  gizartearen borondatearen testigantza izanen da, herriz herri adierazia, eta Europako erakundeei eta nazioarteko komunitateari zuzendua", diote Herriratik.

Herritarron Epaiaren lehenbiziko orriak Tafallan idatziko dira, ekainaren 8an egingo den ekitaldi batean, eta handik beste 80 bat herritara joango da. Azken geldialdia irailaren 14an Iruñeko Anaitasuna pabiloian burutuko den ekitaldi bat izango da. Bertan, epaiaren azken orriak idatziko dituzte, ondoren Europako erakundeei helarazteko.

Geldialdiak Debagoienean

Ekimenak Debagoieneko lau herritan egingo du geldialdia:

  • Uztailak 7, Aramaion: Santakruz abadearen plazan, 12:30ean.
  • Uztailak 12, Arrasaten (18:00-20:00, Herriko plazan) eta Oñatin.
  • Uztailak 13, Bergaran.

Arrasateri dagokionez, doktrina hori aplikatu zaien bi herritar daude: Kanto eta Garratz. Biek etxean egon beharko lukete jada, Arrasateko Heriratik adierazi dutenez eta, horregatik, Herritarren epaia ekimenean parte hartzeko dei egin diete herritarrei: "Liburua 197/2006 doktrina indargabetzeko mezuz betetzea nahi dugu. Hortaz, Arrasateko Herriratik zuen ekarpena egitera gonbidatzen zaituztegu, norbanako zein talde gisa". 

Mezuak era ezberdinetakoak izan daitezke: argazki, marrazki, poema, post-it… Egun horretan, herriko musikariz girotua egongo da plaza.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak