AHTren aurkako bizikleta martxa uztailaren 25etik abuztuaren 1era

Goiatz Arana Begiristain 2013ko uzt. 3a, 19:11

Mugitu! Mugimenduak, 'Lurraren alde, mugitu eta eragin!' lelopean, AHTren aurkako bizikleta martxa desobeditzailea antolatu du uztailaren 25etik abuztuaren 1era; Altsasutik abiatu eta Donostian amaituko da. Astebeteko itzulian hainbat herri eta eskualde zeharkatuko ditu, Aramaio eta Angiozar tartean, eta ekintza desberdinak egingo dituzte herriz herri.

"Helburua da AHTa salatzea, oraingoan bereziki lurraren alde mugituz", adierazi dute Mugitu! Mugimendutik.  Helburu horrekin, askotariko ekintzak egingo dira ibilbidean zehar: ekintza desobeditzaileak, bizilagunekin topaketak, batzarrak eta eztabaidak, kale ikuskizunak… "Pedalei eraginez, lurraren defentsan aritzen diren beste hainbat talderekin elkartuko gara, AHTaz gain beste proiektu txikitzaileak salatuz: frackinga, autopista elektrikoak, erraustegiak, Gaintxurizketako plataforma logistikoa eta Jaizkibelgo superportua... Izan ere, AHT zein beste hainbat azpiegitura-lan handiren eraginez, izugarrizko triskantzak ari gara pairatzen. Lurra babestu beharrean, deuseztatzen ari gara", azaldu dute. 

"Krisi ekonomiko, ekologiko eta soziala"

Antolatzaileen esanetan, lurraren aldeko martxa ez da amalurraren defentsa hutsean geratuko, ordea, "beste hamaika arrazoi daudelako AHTri ezezkoa esateko". Horietako bat da, euren hitzetan, denen ahotan dagoen krisi ekonomikoa: "Hego Euskal Herrian, AHTren obretan 10.000 milioi euro xahutzea aurreikusita dago: aurten EAEn 568 milioi euro bideratu dira AHTra eta Nafarroako aurrekontuetan 130 milioi gorde dira bere hastapenetan dagoen lan honetarako. Zifra hauek ulertezinak dira, jende ugari kale gorrian dagoela ikusita. AHTren gaia dela-eta, azken aldian egitasmoaren zentzugabekeria ageri-agerian gelditzen ari da, gainera. Hortaz, orain arte bezala AHTrekin aurrera jarraitzea ihes egiteko modu bat besterik ez da: bizi ditugun krisi sozio-ekonomikoaren eta hondamendi ekologikoaren larritasunaren aurrean norabidez aldatzen ez badugu, ihesbide kriminala erabat".

Eta krisi ekologiko eta ekonomikoarekin batera, krisi soziala ere aipatzen dute Mugitu! Mugimendukoek: "Egunak joan egunak etorri, eskubide sozialak murriztuz doaz. Hori dela-eta, AHTren aurkako borrokak egungo jendarte eredua aldatzea aldarrikatzen duten mugimenduekin bat egiten du, hain zuzen ere, AHTren atzean dagoen garapen eredu jasangaitza eta kapitalista zalantzan jarriz".

"Ardatz gisa herria eta eskualdea izango dituen eredu batetik etorriko da konponbidea", euren esanetan: "Amaitu da garraioen arloan 'beti urrunago, beti azkarrago eta beti mugikorrago' leloaren garaia. Konponbidea AHT eta azpiegitura-lan handiak gelditu eta ekonomia-  zein gizarte-jardueren ardatz gisa herria eta eskualdea jarriko dituen eredu desberdin baten sorreratik helduko da, ingurumenarekin eta herrien artean harreman orekatuagoak bilatuz.  Hartara, inoiz baino arrazoi gehiagorekin, lurraren aldeko herri borrokari eta AHT geldiarazteko desobedientziari eusteko deia zabaltzen dugu". 

Aramaio eta Angiozar

Bizikleta martxa desobeditzailea uztailaren 25ean abiatuko da Altsasutik eta astebeteko itzulian hainbat herri eta eskualde zeharkatuko ditu ekintza desberdinak antolatuz: Urbina, Legutio, Aramaio, Angiozar, Urretxu, Beasain, Zerain, Legorreta, Tolosa, Andoain, Zubieta, Zarautz, Hernani, Lezo, Irun, Orereta eta beste hainbat herritatik igaroko da, Donostian amaitzeko.   

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak