Neska-mutikoak udalekuetan blai

Goiatz Arana Begiristain 2013ko uzt. 3a, 13:05

Sanjuanetarako oporrak hartuta, neska-mutikoak martxan dira berriz ere. Debagoieneko herri gehienetan abiarazi dituzte udalekuak eta, hala egin ez duten kasuetan, epe motzean ekingo diete. Ehunka gaztetxok parte hartuko dute horietan, jolastu, ondo pasa eta lagun berriak eginez.

Jada jolastoki bihurtu diren herrietako bat da Aretxabaleta. Atzo, martitzena, ireki zituzten udaleku irekiak eta hilaren 23ra arte askotariko ekintzez gozatzeko aukera izango dute 280 neska-mutikok.

Oñatin, astelehenetik ari dira herriko kale eta txokoak Milakolorez blai jartzen; horixe da, hain zuzen, aurtengo leloa. Umeak –350– hiru multzotan banatuta egongo dira, adinaren arabera, eta multzo bakoitzari egokitutako programazio oso "aberatsa" izango dutela azaldu du Lukene Igartuak, udalekuetako koordinatzaileetariko batek. 

Bergara da hilabete berriarekin udalekuak martxan jarri dituen beste herri bat. Hiru astez, ekintza ezberdinez gozatu ahal izango dute 280 umek.

Astelehenean egin zituzten lehen ekintzak Leintz Gatzagako udalekuetan izen emandako 14 gaztetxoek ere. Txangoren bat egingo dute, ludoteka ere izango dute, baina denbora gehien aire libreko gauzak egiten ematen saiatuko dira, eguraldiak laguntzen badu.

Eta egun horretan bertan, Ferixa Nagusiko jaien biharamunean, zabaldu zituen ateak uztaileko udaleku zerbitzuak, Elgetan. Aurten, 55 umek eman dute izena, uztailaren 1etik 24ra bitartean egingo diren udaleku irekietarako.

Antzuola ez da salbuespena. Bertako neska-mutikoek ere ikasgelak atzean utzi eta kalerako bidea egin dute, jolas eginez ondo pasatzeko. 

Arrasaten ere astelehenean hasi zire udaleku irekiak; itxiak, berriz datorren astean abiaraziko dituzte. Irekiei dagokienez, 2 eta 10 urte bitarteko 234 umek eman dute izena eta, astelehenetik egubakoitzera, egunero egingo dituzte ekintzak; Berramesten ekimenari eutsiz, ekintzak haurren nahien arabera antolatzen saiatuko dira. Udaleku itxietan, aldiz, 12-17 adin tarteko 105 gaztek parte hartuko dute: Zerainera, Oriora, Garaiora edota Kosta ala Kosta ekimenera joango dira.

Eskoriatzan eta Aramaion ere hasteko puntuan

Eskoriatzan eguenean, uztailak 4, hasiko dira aurtengo udalekuak. Aurten, 220 ume inguruk eman dute izena eta 24 begiralek jardungo dute lanean. Osasuna eta ingurugiroa landuko dute edizio honetan.

Aramaion ere hasteko puntuan daude, baina hasteko oraindik: uztailaren 10etik 23ra izango dira. Aurten 98 umek eman dute izena, eta bi astetan zehar denetariko ekintzak egingo dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak