Bergarako igerilariek gogotsu egin zuten salto uretara

Jagoba Domingo 2013ko uztailaren 1a

Zapatu goizean Gipuzkoako igerilariak Agorrosinen elkartu ziren Gipuzkoako Udako sarietan parte hartzeko. Denboraldia amaitzeko proba gutxi falta dira eta Bergarakoa, zita polita izan zen igeriketaren zaleentzat.

Zarautz, Ordizia, Legazpi edo Tolosako igeriketa taldeetako neska mutiko dezentek parte hartu zuten. Hala ere, ibarreko igerilarientzat data berezia izan zen, batez ere Bergarako Igeriketa Elkartekoentzat.

Ibarreko taldeak pozik

Nerea Anduaga, Bergarako entrenatzailearen esanetan, motibazio handiarekin egin zuten uretara salto Bergarako 18 ordezkariak eta emaitza nahiko politak lortu zituzten. Etxean igeri egiteak barruko grina piztu zien neska-mutiko mahoneroei eta emaitza onak lortzeko asmoarekin irten ziren, egunaz disfrutatu bitartean. Aloña Mendiko igerilariak ere nahiko fin ibili ziren, hala ere, Artza entrenatzailearen izanetan, emaitza hobeak lortzea espero zuten. Oporretan, tentsio gutxiagorekin lehiatzen dira gazteak, eta horrek zerikusia izan zuela esan zuen Artzak. Hala ere, banaka batzuk emaitza oso onak lortu zituzten.

Antolatzaileak pozik

Jose Carlos Ibaibarriaga, Bergarako Igeriketa Elkarteko lehendakariaren esanetan, egun polita baina gogorra izan zen. Horrelako egun bat antolatzeak lan asko dakar, gainera Bergarakoen elkartea gurasoek daramate aurrera, beraz ez dituzte nahikoa medio.  Goiz osoan zehar, arazo bakar bat egon zen neurketak egiteko sistemaren akatsa bat tarteko. Hori dela eta, jokatu ziren 35 proben emaitzak behin-behinekoak dira. Gipuzkoako Igeriketa Federazioak, astean zehar emango ditu emaitza ofizialak; hala taldeek bi-hiru egun izango dituzte akatsik egonez gero errekurtsoa aurkezteko. Arazo txikia alde batera utzita, egun borobila izan zen gure igerilarientzat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak