Elkarlanerako hitzarmena sinatu dute HUHEZIk eta HEKIMENek

Naiara Uriarte 2013ko eka. 28a, 17:36

Mondragon Unibertsitatearen Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak -HUHEZI- eta HEKIMEN taldeak -euskarazko herri ekimeneko hedabideez osatua dagoena- elkarlanerako hitzarmena sinatu dute. Biak batera hainbat esparrutan lankidetzan arituko dira: ikerketa lanetan, euskarazko komunikabideen esparruan eta informazioaren kontsumoa arakatzean.

Nekane Arratibel HUHEZIko dekanoak, eta Iban Arantzabal HEKIMENeko presidenteak sinatu dute hitzarmena. Honetaz gain, gaineratu dute, jarraipen bat emateko batzorde bat izendatuko dutela. Akordioan, hiru eremu nabarmendu dituzte: ikerkuntza, praktikak eta berrikuntza.

Ikerkuntzari dagokionean, aztertu beharreko lanak euskarazko hedabideen esparrua eta informazioaren kontsumo ohiturak izango dira. Zehazki, honako gaiak: euskarazko hedabideen audientzia-neurketak; kontsumo joerak eta hedabide arloko berrikuntza; hedabide publikoen, ez publikoen eta administrazioaren arteko harremana; beste hizkuntza gutxitu batzuetan diharduten hedabideen praktiken azterketa; eta euskarazko hedabideei buruzko mintegi eta jardunaldien antolaketa.
Praktikak, berriz, HUHEZIko ikasleek HEKIMENeko hedabideetan burutzeko aukera izango dute. Baita ere, Goikolab ideia-laborategian bi erakunde hauen komunikazio proiektuak jorratzeko posibilitatea.
Azpiegituretan, ostera, HEKIMENek Aretxabaletako campuseko zenbait gela erabili ahal izango ditu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak