Gaur hasiko da irteera operazioa

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko eka. 28a, 15:51

Gaur hasi eta irailean amaituko da Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko Trafiko Zuzendaritzak martxan ipini duen trafiko operazio berezia.

Udako oporraldi sasoia dela-eta abiarazi dute operazio berezia. Kontuz gidatzea gomendatu dute Segurtasun Sailetik; aditzera eman dutenez, ekainaren 28tik irailaren hasierara 1.600.000 ibilgailu inguruk  Euskadiko errepideak zaharkatuko dituzte estatu hegoalderantz.

Trafiko zuzendaritzatik bestelako zifra ere eman dute: irteera zein itzulera operazioetan Ertzantzako 450 kide ipiniko dituela lanean.

Izan ere herritar asko izango dira maletak egin, autoa hartu eta oporrak pasatzera irtengo direnak. Asteburu honetan igarriko da ibilgailu kopuru handitzea. Horregatik 14:00etan abiarazi dute operazio berezia eta gaur gaueko 22:00etara eta bihar 08:00etatik 15:00etara egongo da martxan. 

Auto gehienak autobideetan

Zirkulazio handiena autobideetan pilatuko da, beste behin eta errepideen uneoroko egoera trafiko zuzendaritzako webgunetik jarraitu ahal izango da, bai eta twitter bitartez ere.

Aurten, gainera, Trafiko Zuzendaritzaren webgunean Euskadi zeharkatzen duten bide alternatibo guztiak jasotzen dituen mapa deskargatzeko moduan ipiniko dute.

Gomendioak

Ohi bezala hainbat gomendio eman dizkiete autoa hartu behar dutenei:  Komeni da bidaia era egokian planifikatu eta zirkulazio handieneko orduetan errepidera ez irtetea. Gainera, ibilgailua behar bezala prestatzea garrantzitsua da ezustekorik ez gertatzeko. Lasai gidatzea, beharrezko atsedenak egitea eta abiadura errepide bakoitzari egokitzea ere funtsezkoak dira.

Gogoratu beraz, mezu aldakorren paneletan auto-ilara eta bestelako arazoen berri emango dutela uneoro informatuta egoteko. Eta guztion eskura dagoela 24 orduz, 011 arreta zenbakia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak