Merkantzien garraioko langileak bihar greba egitera deitu dituzte

Leire Kortabarria 2013ko eka. 27a, 18:39

Biharko, hilak 28, greba eguna deitu du ELAk Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako merkantzien garraio sektorean. ELAk bakarka egin du deialdia. Helburua da "erreforma enpresetatik kanpo uztea".

Beste helburua da "patronalak sektore-hitzarmen probintzialetan duen jarrera irmoa aldatzea", ELAk dioenez. Sektoreko enpresa guztietako langileendako da deialdia, baldin eta negoziazioetan badabiltza, eta nahitaez bete beharreko gutxieneko edukiak adosturik ez badituzte.

Honako protesta-bilkurak ere deitu ditu: Bilbon, 12:00etan, Guggenheim aurrean; Biriatun, 09:00etan, eta CTV Jundizen, 11:00etan.

ELAren iritziz, Espainiako Gobernuak 2012ko otsailean egin zuen lan-erreformak enpresen eskuetan utzi du lan-baldintzak antolatzeko aukera. "Erreformak ekarri zituen aldaketen artean hauxe dago: sektore-hitzarmenak ez ziren gehiago izango gutxieneko maila bat sektoreko enpresetarako, eta enpresa-hitzarmenak lehentasunezkoak izatera aldatu ziren".

Lan-hitzarmenak, galtzeko zorian

Uztailaren 7an kadukatuko dira ordurako berritu ez diren lan-hitzarmenak. Horren ondorioz, ELAk dioenez, "hainbat hamarkadatako lorpen sozialak galdu daitezke, eta lan-baldintzak okerragotu". Horregatik deitu ditu garraiolariak egun bateko greba egitera.

ELAk gaineratzen duenez, "zoritxarrez, ezin izan dugu lortu beste sindikatuen atxikipena (bereziki LABena); egia esan, erreformaren nondik norakoa denon ezaguna izanik, ez dugu ulertzen zergatik gainerako sindikatuak ez dira enpresa-negoziazioaz baliatzen borroka-tresna gisa, langileen baldintzak bermatze aldera".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak