Oskar Sanz: "Etxean jan nuen lehenengo gauza untxia labean izan zen"

Txomin Madina Milikua 2013ko eka. 27a, 02:00

Lehia gogorraren ostean, Zubielkiko semea eta abeltzaina da 'El conquistador del fin del mundo' saioaren azken edizioko irabazlea, marka hori lortzen duen lehen nafarra.

1. Oskar Sanz, munduaren azkeneko konkistatzailea. Zenbat kostatu zaizu sinestea?

Oraindik ere ez dut sinetsi. Ez naiz kontziente lortu dudanaz: hain jende prestatua eta kirolaria ikusita, nekazari bat etorri eta irabaztea... 

2. Egia da amari ere ez zeniola esan zeu zinela irabazlea?

Ez amari, ez anaiari, ez lagunik onenari... inori ez. Saioa intentsitatearekin bizi zezatela nahi nuen: pelikularen amaiera kontatzen baduzu, ez ikustea bezala da. Lehenengo egunetan kostatu egin zitzaidan ezer ere ez esatea, gero ez.

3. "Seguru ez dela hain gogorra". Hori dioenari, zer?

Iaz gauza bera nioela, eta aurten egiaztatu dudala baietz: hamar kilo galdu ditut; azkenean, azala kartoia bezala nuen, ezin nintzen zutitu, mareatu egin nintzen... Azken bi egunak izan ziren okerrenak.

4. Eta egoera horretan nola egin aurrera?

Familiakoen eskutitzak jasotzean asko animatu nintzen. Horixe izan zen momentu onena; ikurrina hartzea baino hobea. 

5. Telebistan, han pasatzen denaren zatitxo bat ikusten dugu. Zer gertatzen da beste orduetan?

Sekulako aspertzea, itxarotea amaigabea egiten da. Animaliendako tranpak egiten, elkarri penak kontatzen edo itzalean etzanda ematen genituen ordu horiek.

6. Asko oroitu zinen etxeko ganaduaz?

Bai; neure buruari galdetzen nion ea ondo egiten zebiltzan. Nire negozioa da; bizi osoa horretarako lanean nabil. Lan ona egin zuten.

7. Eta zenbat kostatu zitzaizun galdutako pisua berriz hartzea?

Pare bat hilabete bai. Etxean jan nuen lehenengo gauza untxia labean izan zen, okin erara prestatutako patatekin; osorik jan nuen, eta ogiarekin bustita. Nik eskatu gabe prestatuta zuten.

8. Ez duzu ukatu lehiakorra zarela.

Ez, normala ikusten dut eta ondo iruditzen zait. Ni lehiatzera joan naiz: saioa eroan dut, baita 28rekin sekulako adiskidetasuna ere. Ez nuke ezer aldatuko.

9. Lehiakortasuna eta adiskidetasuna ez dira bateraezinak, beraz.

Inondik inora. Ikuslearen ikuspuntutik akaso bai, niretik, ez; ez dut kide batekin ere inongo gaizki-ulerturik izan. Oso lagun onak egin ditut; adiskidetasun handiena Joxerekin egin dut, alde handiarekin. Urrea balio duen pertsona da.

10. Nola daroazu bat-bateko fama?

Gaizki, zoramena da; elkarrizketak eta... Kalean askok geratzen naute, argazkiak eskatzen dizkidate... Ez nuen pentsatzen hainbesterako izango zenik, ahal dudan moduan daroat.

-----------------

Makila magikoa baneuka: "Niretzako zoriontasuna da gauzarik garrantzitsuena eta makila magikoarekin mundu guztiari zoriontasuna emango nioke; baita ametsak gauzatzea ere".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak